Bihar aurkeztuko dute Berbetan programaren aurtengo ikasturtea

Bihar aurkeztuko dute Berbetan programaren aurtengo ikasturtea
2019/09/17 eta kitto!
Bihar emango ditu ezagutzera ...etakitto! Euskara Elkarteak Berbetan eta Ongi Etorri programen aurtengo nondik norakoak. Arratsaldeko 19:00etan izango da aurkezpena Portaleko areto nagusian.

 

Ekitaldian edonork har dezake parte, irekia izango da-eta. Euskera praktikatzeko gogoz edo premiaz dagoenak, premia hori dutenei laguntzeko prest dagoen euskaldunak eta kultura eta jatorri ezberdinetako jendearekin elkartu nahi duenak eguazteneko ekitaldian jasoko ditu azalpen guztiak.

 

Euskera praktikatzeko taldeak astean behin

Astelehenetik ostiralera eta goiz eta arratsaldez. Ordutegi aldetik, behintzat, aitzakiarik ez da euskera praktikatzeko taldeetan izena emateko. Talde txikiak dira, bost-sei kidekoak, eta taberna batean elkartzen dira ordubetez, giro lasai eta informalean euskeraz berba egiteko. Elkarrizketak ere arinak izaten dira, lagunartekoak modukoak: asteburuan zer egin duten, irakurri duten azkeneko liburua, seme-alabak zer moduz... Azken finean, helburua, euskeraz berba egiteko erraztasuna lortzea da, baina era naturalean.

 

Gurasoentzat programa espezifikoa

Urteroko erronka izaten da gurasoak mintzapraktikako programara hurbilaraztea. Familia bidezko transmisioarekin arduratuta, ...eta kitto! Euskara Elkarteak ahalegin berezia egin nahi izaten du familiek programan parte hartzeko eta horretarako ekintza ugari antolatzen dira urte osoan, guraso eta seme-alabentzat: eskulan-tailerrak hilean behin, antzerkia, irteerak, sukaldaritza-ikastaroak, Santa Agedako kalejira... Gurasoak talde naturaletan izena ematera animatzen ditu ...eta kitto!-k, hain zuzen, lehendik eginda dauden taldeetan: kuadrilla, eskolako guraso-taldea... Eta konpromiso txikiekin hastea, adibidez, umeei merienda ematerakoan euskeraz egingo dugu, edo kafea euskeraz hartuko dugu...

 

Elkarbizitza bultzatzeko Ongi Etorri

Jatorri ezberdinetako bizilagunak euskerara eta euskal kulturara hurbiltzeko eta elkar ezagutzeko helburuarekin jaio zen Ongi Etorri programa. Auzoetan elkartzen dira talde-ak (Urkizu, Amaña eta Urkin), astean behin, ordu eta erdiz. Giro informalean elkar ezagutzea eta kultur aniztasuna sustatzea da egitasmoaren helburua. Horrez gain, ekintzetako asko berbalagunekin batera egiten dituzte. Mun-duko Janarien Tailerrak, adibidez, arrakasta handia izaten du, eta aurten ere lau-bost saio egingo dira.