Sagardo Eguna urriaren 6an

2018/10/01 eta kitto!
Urriaren 6an, zapatuan,  ospatuko den Sagardo Egunak 25 urte betetzen ditu aurten, eta zenbaki borobila behar den bezala ospatzeko egitarau berezia prestatu dute antolatzaileek.

13 sagardotegitako sagardoa banatuko da Eibarren: Alorrenea, Altzueta, Barkaiztegi, Begiristain, Egi-Luze, Gartziategi, Gaztañaga, Gurutzeta, Isastegi, Olaizola, Sarasola, Zelaia eta Zapiain. XXV. urtemuga  dela,  egun osoa  ez ezik, jaiak gaueko lehen orduak ere hartuko ditu, kontzertuak izango baitira Untzagan, harmailen aldean.

Sagardoa eguerdiko 12:00etan hasita 14:30ak arte eta arratsaldean 19:00etatik  amaitu arte banatuko da.  6 euroren truke zapia, txorizo edo gazta pintxoa eta basoa eskuratuko dira sagardoa dastatzeko. Eguerdian, 12:00etan txotx egitearekin batera hasiko da jaia, eta orduantxe hasiko dira tiketak saltzen. Tolaretik irteten den muztioa probatzeko aukerarik ez da faltako aurten ere, eta Baztan inguruko sagardogileek erabiltzen zuten kirikoketa nola erabiltzen zuten erakutsiko dute. Hori guztia txalapartarien eta Marisol Arrillagaren soinujoleen doinuez lagunduta. Txikienentzako jolasak ere egongo dira.

Sagar-tarta lehiaketa
XXV. urteurrenaren barruan, sagar-tarta lehiaketa antolatu du ...eta kitto! Euskara Elkarteak lehen aldiz. Lehiaketan sukaldaritza gogoko duen edonork (16 urtetik gorakoek) har dezake parte

Mugi Panderoa eta Deus Ez taldeen kontzertuak
Aurtengo berritasun bezala eta 25 urteko ibilbidea ospatzeko, 21:00etatik aurrera jaiak Untzagako beste aldean  jarraituko du Deus Ez eta Mugi Panderoa taldeen kontzertuekin. Bitartean, txosna irekiko da Untzagako alde horretan eta, han ere, ez da jatekoa faltako.