90 urte betetzen dituen Eibarko Danborrada aurkeztu zuten atzo antolatzaileek

90 urte betetzen dituen Eibarko Danborrada aurkeztu zuten atzo antolatzaileek
2018/06/22 13:01
eta kitto!
Atzo arratsaldean aurkeztu zuten aurten 90 urte betetzen dituen Eibarko Danborrada, Untzagako Izarra elkartean. Zapatu gauean, Untzagan, harmailen aldeko plazan San Juan Sua egin eta jarraian, gauerdian ekingo zaio helduen danborradari Untzaga plazaren beste aldean, udaletxe parean. 300 lagunek hartuko dute parte, bakoitzak bere konpainiaren ikur, kolore eta jantziekin. Oraingoan, gainera, batelerek jantzi berria estreinatuko dute. Bigarren urtez jarraian Juan Luis Baglieto ‘Manli’ izango da helduen danborradako Danbor Nagusia eta bere agindupean joko dute danborjoleek. Horrez gain, Iker Teruelo izango da Gastadoreen kaboa, Juan Mari Lejardi ‘Pastor’ Danborren kaboa, Bea Zabaleta izango da Banderaduna eta Eugenio Camara aurtengo Napoleon. Bestalde, antolatzaileek azpimarratu zutenez, Betikuak konpainiak danborradan 25 urte beteko ditu aurten. Eta, iazko moduan, aurten ere Marruko kanioiak bi salba botako ditu. Eibarko Cielito Musika Bandak musikaz girotuko du danbor hotsek markatzen duten erritmoa eta karrozan Eibar Eskubaloi Taldekoak (Senior taldeetako ordezkariak) joango dira Udal Dibujo Eskolako Leire Kareaga eta Iratxe Unanuek sortu duten karroza gainean. Joko dituzten piezetan, berritasun gisa, Untzagan dauden bitartean “Comparsa de viejas” joko dutela aurreratu zuten eta kalejiran, berriz, “Mendaroko martxa” entzuteko aukera izango da. Kalejira amaitzean, bestalde, udaletxearen aldeko plazan agurtuko dute aurtengo danborrada.

Hurrengo egunean, San Juan egunean, umeek hartuko dute helduen lekukoa eta 19:00etan haurren danborrada hasiko dute Urkizutik Ustekabe fanfarreak lagunduta. Eibarko ikastetxeetako 300 haur inguru ibiliko dira danbor gogo handiz jotzen eta guztien artean Aldatzeko Eider Romero izango da nagusi, bera izango delako Danbor Nagusia, eta berarekin egongo dira bere ikaskide Paula Gil eta Amanda Reyes Banderadunak eta Andoni Villafaña aurtengo Napoleon. Gero, ikastetxe bakoitzak bere zuzendaria edukiko du. Urkizukoa Yasmina Benslaiman izango da, La Sallekoa Larraitz Fernandez, San Andresekoa Elene Arrazola eta Juan Antonio Mogel ikastolakoa Olatz Vicuña.  Karroza gainean, bestetik, Markel Diaz, Ekain Alonso, Nahia Andre, Olatz Plazaola, Beñat Castillo, Irati Andrade, Miren Badiola, Claudia Schmidt, Martin Rodriguez, Malen Sanchez, Xaban Fernandes, Ane Saenz, Katrin Alcelay eta June Paguey egongo dira.

Eibar Eskubaloiak kamiseta oparitu zion Juan Luis Baglietto ‘Manli’ danborradako zuzendariari. Eibar Eskubaloiak kamiseta oparitu zion Juan Luis Baglietto ‘Manli’ danborradako zuzendariari.