AKEBAI herri plataformaren Batzarra eratu da

AKEBAI herri plataformaren Batzarra eratu da
2017/09/21 eta kitto!
Atzo arratsaldean udaletxeko patioan egin zen bileran AKEBAI  herri plataformaren Batzarra eratu zen eta aurrerantzean hori izango da erabakiak hartzeko gunea. Plataformako kideek azaldu dutenez, Guinnessa lortzeko ekitaldia prestatzeko lanean ibili den boluntario taldeak behin-behineko batzarra osatzen zuen, baina aurrerantzean lanean jarraitzeko behin-betiko batzarra osatu behar zen eta horretarako bilera izan zen atzokoa. Horrekin batera esparru ezberdinetara lotutako mahaiak eratu ziren eta gidaritza lana egingo duen ekipoa osatuko duten kideak ere finkatu zituzten.

Eibarren AKEBAI Euskararen Plan Estrategikoa (2016-2025) martxan jarri eta eta 10 urtean zehar garatzeko sortu zen. Eibarko Udalak EMUN enpresaren bidez eta herritarren partaidetzaren bitartez egin zuen Eibarko Euskararen Plana, eta lan horretan jardun zuten herritarrek osatutako foroa izan zen AKEBAIren sorburua. Planaren helburua, 10 urterako, Eibarko ume eta gazteen eremua euskaldunagoa izateko inguruko eragileak aktibatzea eta saretzea da. Eibartarron esku dago hori lortzea, eta bide horretan Udala izango dugu lagun.

Plataformako kideen berbetan, “10 urteko bidaia horri ekiteko sortu da, beraz, Eibarren AKEBAI; helburu hori lortzeko aktibatutako herritarrek eta Udalak osatzen dute AKEBAI; irekia, anitza, ausarta, baikorra da AKEBAI; proiektu handia, aberasgarria, ausarta, parte-hartzailea da AKEBAIrena; elkarlana, aniztasuna, ilusioa, erronka ditu berarekin AKEBAIk. Eibarren AKEBAIren filosofia eta egitasmoa ezagutzera emateko antolatu zen ekainaren 22ko Guinness errekor saiakera: ekitaldi irekia, anitza, parte-hartzailea, alaia, anbiziosoa izan zen, eta eibartar askoren ilusioa piztu zuen. Erronka handia zen 2.500 lagunek osatutako irudi eraldaketa egitea, baina Eibarrek erronka gainditu eta marka haustea lortu zuen. Baina orain dator benetako erronka: Eibarko Euskararen Plan Estrategikoaren helburua lortzea: Eibar euskaldunagoa izatea”.

Erronka horri ekiteko eratu zen atzo AKEBAI BATZARRA, erabaki-gunea. Bertako kide izan daitezke egitasmo honekin bat egiten duten herritar guztiak, izan maila pertsonalean edota elkarte/erakunde baten ordezkari gisa. Batzarra parte-hartzailea izango da, eta konfiantza giroa sustatuko du. Bere funtzioa: batetik, Euskararen Plan Estrategikoan zehaztutakoak modu sortzaile eta ezberdinean gizarteratzea; eta, bestetik, plan horren jarraipena egitea eta iritzi eta proposamenak ematea. AKEBAI egitasmoak, batzar horretaz gain, AKEBAI EKIPOA, zuzendaritza lana egingo duena, eta alor ezberdinetako MAHAIAK ere izango ditu.

Azaldutakoaren arabera, “orain arte behin-behineko Ekipoa aritu da lanean, eta gaur aurkeztu da hurrengo bi urteetan zeregin horretan jardungo duen taldea. Plana martxan jartzea eta horren jarraipena egiteaz arduratuko da, eta urteko kudeaketa-planaren diseinua eta jarraipena egitea izango du eginkizun nagusia. Mahaiei dagokionez, hasiera batean honako hauek jarriko dira martxan: komunikazioa, transmisioa, kirola, kultura eta ekitaldiak. Hortik aurrera, nahi beste mahai sortuko dira, kideek zehaztuko dituzten lehentasunen arabera”.