Allarizeko La Union musika bandaren kontzertua zapatuan

Allarizeko La Union musika bandaren kontzertua zapatuan
2016/07/12 19:47
eta kitto!
Allariz-eko (Ourense) La Union musika bandak aste bi emango ditu etxetik kanpora, Euskadi eta Frantziako hainbat herritan kontzertuak emateko biran eta, bidaia horren harira, asteburu honetan kontzertu bana emango du Ermua eta Eibarren. Gaur arratsaldean aurkeztu dituzte zapatu honetan egingo diren kontzertuak eta, horrez gain, abuztuaren 12tik 14ra bitartean Allarizek hartuko dituen Euskadi-Galizia Jardunaldiak Eibarko udaletxean Miguel de los Toyos Eibarko alkateak, Carlos Totorika Ermuko alkateak, Francisco Garcia Allarizeko alkateak eta Patxi Lejardi Kultura zinegotziak. Ekitaldian azaldu dutenez, "antolatutako emanaldiak zein jardunaldiak Allarizek Eibar eta Ermuarekin daukan lotura sendotik sortu dira eta asmoa, besteak beste, egindako harrerarengatik Galiziatik Euskal Herrira beharrera etorritakoen esker ona azaltzeko zein etorkin horiei hemengo herrien garapenaren alde egindakoa aitortzea litzateke".
Jose Manuel Vegak zuzenduta, Allarizeko musika bandak zapatuan egingo ditu emanaldi biak, Ermuan 13:00ean (Kardenal Orbe plazan) eta iluntzeko 20:00etan Eibarren, Untzaga plazan. Kontzertuetarako prestatu duten programa, bestalde, honako hauek osatzen dute: "Musica y poble" (Ferrer Serra), "Medley-boleros" (Bernaerst-en konponketa), "Aurora" (Oscar Sempere Frances), "Ars-Amandi" (Oscar Sempere Frances), "Cuero y caña" (Oscar Sempere Frances), "Banda sabrosa" (Marcela Sousa), "Medley parti" (hainbat egile) eta "O caeiro" (Felixindo Perez).
Abuztura begira, Euskadiko Eguna Allarizen ospatzeko egitaraua osatzeko beharrean hasi direla azaldu dute eta, orain arte lotutako ekitaldiak abuztuaren 13an Ernesto Ezpeleta Bihurriren eskutik egingo den herri kirol erakustaldia eta Mugi Panderoa taldeak girotuko duen erromeria direla aurreratu dute.

allariz+eibar (7) allariz+eibar (17) allariz+eibar (23)