Amarako autobus geralekua ez kentzeko eskatu diote Rafaela Romero Mugikortasuneko diputatuari

Amarako autobus geralekua ez kentzeko eskatu diote Rafaela Romero Mugikortasuneko diputatuari
2020/01/27 17:12
eta kitto!
Lurraldebusek iragarri duenez, otsailaren 1etik aurrera Donostiako Bizkaia Etorbideko 12. zenbakian kokatuta dagoen Amarako autobus geralekua kentzea nahi du eta, horren aurrean, barixakuan bertan euren kezka agertu zuten Eibarko EH Bilduk eta EAJ-PNV-k, DB02 Ermua-Donostia Lurraldebuseko linea eibartar askok erabiltzen dute-eta. Bilduko ordezkariek Amarako geralekua ez kentzeko eskaera erregistratu zuten: “Miguel de los Toyos eta Patxi Lejardiri zuzendu diegu eskaria Garraio Agintaritzan eta Gipuzkoako Foru Aldundian Amarako geralekua ez kentzeko eskatzeko. Gainera, Ermua eta Elgoibarko Udalei ere eskaera honetara batzeko eskaintza egitea eskatu diegu”. Jeltzaleek ere eskaera horrekin bat egin dute eta, horrez gain, Barrena kalean autobusak geralekua izatea ere eskatuko dutela gaineratu dute.

Gauzak horrela, Miguel de los Toyos alkateak idatzi bat bidali dio Rafaela Romero Gipuzkoako Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako diputatuari. Bertan, zerbitzu horrek orain arte Donostiako Bizkaia pasealekuan, Amara inguruan, eskaini duen geralekua kentzeko Diputazioak hartu duen erabakiak Eibar-Donostia lineako Eibarko erabiltzaile askori kezka eragin diela azaldu du eta erabaki horri berrikusteko eskaera egin dio. Alkatetzatik adierazi dutenez, orain dela egun batzuk Eibarko linea horretako erabiltzaile talde batek ezinegona eta kezka agertu zuen, Aldundiari zuzendutako idatzi batean, otsailaren 1etik aurrera Bizkaia pasealekuko geralekua kenduko zela iragarri eta gero. Horrez gain, erabiltzaile batzuk Eibarko Alkatetzara ere jo dute, aipatutako neurriaren inguruko kezka adierazteko.