Andrea Gonzalez Caballero gitarra-jotzaile eibartarrak kontratua sinatu berri du Diamond Artists agentziarekin

Andrea Gonzalez Caballero gitarra-jotzaile eibartarrak kontratua sinatu berri du Diamond Artists agentziarekin
2021/01/21 eta kitto!
Andrea Gonzalez Caballero gitarra-jotzaile eibartarrak kontratua sinatu berri du Diamond Artists agentziarekin, bere nazioarteko ordezkaritzaz arduratu daitezen. Musikari gaztea gaur egungo gitarra-jotzailerik oparoenetakoa da Espainia mailan. Alhambra Lehiaketaren historiako irabazlerik gazteena da, 2016ko edizioan garaipena lortu eta gero, Fernando Sor Lehiaketan lehen saria eta sari berezia jaso zituen. Handik urtebetera, 2017an, zenbait artistaren lanei eskainitako diskoa merkaturatu zuen Naxos zigiluarekin. Gaur egun Miamin bizi da.

Lehenik eta behin, zorionak! Diamon Artist aparteko musikarien ordezkaritzan espezializatuta dagoen agentzia da, eta zuk haiekin kontratua sinatu berri duzu. Nola suertatu zitzaizun aukera?

Aurreko uztailean Galizian musika-jaialdi bat egitea aurreikusita zegoen, eta horregatik jarri ziren nirekin harremanetan. Jaialdia bertan behera geratu zen pandemiagatik, eta ez nuen haiekin aurrez aurre egoteko aukerarik izan. Normalean, agentzia batekin zerbait sinatu behar denean, tratu pertsonalagoa eskatzen da. Izan ere, zenbait gairi buruz hitz egin behar da, zuzenean haien aurrean jo behar duzu, zure karrera profesionala nola enfokatu adostu beharra dago… Azken finean, agentziak dituen politika eta pentsaerekin artistak bat egiten duen jakitea ezinbestekoa da ezer sinatu aurretik. Diamond Artits Agentziak hasiera batean jaialdi baterako kontaktatu zuen nirekin eta, azkenean, nire ibilbide profesionala urtebetez aztertu eta gero, haiekin lan egiteko proposamena egin zidaten.

Zertan aldatuko du zure karrera profesionala sinatu berri duzun kontratu honek?

Uste dut aldaketa handia ekarriko didala; onerako, noski. Egia da agentzia batekin konpromisoa hartu aurretik, hainbat kontu ondo zehaztu beharra dagoela, horiek baitira zure ibilbide profesionala kudeatuko dutenak eta sinatu aurretik honako hauek aztertu beharra dago: haien ideologiarekin bat egiten duzun, zure ibilbide profesionala 2-3 urte barru nola bideratu nahi duzun jakin, landu nahi dituzun alderdiak argi izan… Gaur egun, agentziek dituzten harremanak eta kontaktuak ez dira nik artista indibidual gisa izan ditzakedanak: kontratuak kudeatu, sustatzaileekin hitz egin, nire irudia saldu...

Non bizi zara orain? Zein da zure egunerokoa?

Miamin bizi naiz. 2020ko abuztuan “Graduate Music Performance” doktoretza hasi nuen Johns Hopkins Peabody Institutuan (AEB), Manuel Barrueco maisuarekin. Miamira joateko aukera eman zidaten “bikaintasun artistikoa” beka jasota, eta ezin izan nion uko egin ikasketa horiek hasteko aukerari. Aurtengo egunerokoa nahiko arraroa da; alde artistikoa eta akademikoa uztartzen ditut; batetik, lanak eta eskolak, eta, bestetik, entseguak, kontzertuak, masterclass-ak eta errepertorioak.

Asko bidaiatzea tokatzen zaizu lan-kontuengatik?

2020ko otsailera arte, dena itxi zuten arte, asko bidaiatu nuen. Nahiz eta gehienbat Estatu Batuetatik bidaiatzea tokatu zitzaidan, Europara ere etorri nintzen. Iaz, adibidez, honako toki hauetan egon nintzen: Washingtonen, San Luisen, Minneapolisen, San Josen, Kalifornian, Arkansasen… Mexikora, Txekiar Errepublikara eta Australiara joateko asmoa ere banuen, baina, COVID-19a dela eta, bertan behera geratu ziren horiek.

Hainbeste urte etxetik kanpo egoteak ez dizu herriminik pizten? Zenbatero etortzen zara?

Pena apur bat ematen dit, batez ere aurten, pandemiak kanpoan harrapatu ninduelako eta ezin izan nintzelako etorri. Urtebete eman dut kanpoan, inoiz ez naiz hainbeste denbora egon etxera itzuli gabe. Normalean Gabonetan eta udan Europan aritzeko antolatzen naiz, etxekoengandik gertu egoteko, eta gainontzeko hilabeteetan mundu osoan zehar bidaiatzen dut. hamar urte daramatzadanez hemendik kanpo bizi izaten, dagoeneko ohitu naiz kanpoan egotera; gainera, Eibarren ez daukat inongo errutinarik. Hala ere, noizbehinka asko gustatzen zait etxera bueltatzea.

COVID-19ak kalte handiak eragin dizkizu profesionalki?

Lehen aipatu dudan bezala, kontzertu eta ekitaldi asko ezin izan nituen aurrera eraman. Horietako batzuk bertan behera geratu ziren, beste asko atzeratu egin ziren, eta gutxi batzuk online egin genituen. Beste arlo guztietan bezala, musikarenean ere COVID-19ak ondorioak ekarri ditu.

ANDREA_GONZALEZ_CABALLERO2

Zer da beharrezkoa musikari ona izateko? Zelako dohainak izan behar dira?

Garrantzitsuena egiten duzuna gustatzea da, musika oso bokaziozkoa baita. Ezinbestekoa da musikaria enpatikoa izatea, eta musika eskuzabala dela ulertzea, hori baita interpretatzeko eta pertsonengana iristeko modu bakarra. Musika zerbait lehiakor gisa ikusten duen eta arreta guztia bere buruarengan jartzen duen artistak ez dut uste entzuleei ezer transmititzeko gai izango denik.

Etorkizunera begira, zein aurreikuspen dituzu? Profesionalki?

Gaur egun nire lanbidea kontzertuak ematea da, baina, etorkizunera begira, beti izan dut unibertsitateko irakasle izateko nahia, batez ere, ni neu leku finko batean geratu ahal izateko. Hala ere, horrek ez du esan nahi kontzertuak alde batera lagako nituzkeenik, ezta gutxiagorik ere! Bi lanbideak uztartzea da nire helburua: batetik, irakasle rola, eta, bestetik, kontzertista. Gaur egun gero eta maila altuagoa eta diploma gehiago eskatzen dituzte hezkuntza munduan eta, eduki daitekeen titulazio altuena doktoretza denez, aukera ona ikusi nuen horrelako bat egitea. “Orain edo inoiz ez” pentsatu nuen. Laburbilduz, niri unibertsitatean edo goi-mailako kontzerbatorioren batean irakasle lanpostua lortzea gustatuko litzaidake eta, aldi berean, musikari moduan, kontzertuak ematen jarraitzea.

Eta pertsonalki?

Badaukazu Eibarrera bueltatzeko asmorik? Ez dut uste Eibarrera bueltatuko naizenik, hemen ez dudalako inongo aukerarik nire arlo profesionalean, eta asko mugatzea izango litzateke. Baina, etorkizunean ez dut Espainiara bueltatzea baztertzen, Madrilera, agian.

https://andreagonzalezcaballero.com/