Anneke Urain: “Martxoan laga genuen eskolak eta irailean topatu genuenak ez zeukan zerikusirik”

Anneke Urain: “Martxoan laga genuen eskolak eta irailean topatu genuenak ez zeukan zerikusirik”
2021/03/12 eta kitto!
13 urteko gazte eibartarra de Anneke Urain eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 2.maila egiten dihardu aurtengo ikasturtean. Nola bizi izan dute nerabeek etxealdia? Eta eskolara buelta?

Konfinamenduan nola pasatzen zenituzten egunak? Zer egiten zenuten egunean zehar?

Goizetan klase telematikoak izaten nituen eta eskolako lanak egiteko aprobetxatzen nuen denbora. Behin lanak amaituta, egunaren araberakoa izaten zen plana: pelikulak ikusi, jolastu, lagunekin bideodeiak egin… Aitortu beharra dut batzuetan aspergarria egiten zitzaidala, baina beste batzuetan oso ondo pasatzen nuen. Egunaren arabera sentimendu ezberdinak izaten nituen.

Zeren falta igartzen zenuen? Zer izan zen gogorrena?

Familiakoak ikusi ezin izatea oso gogorra egin zitzaidan, eta gauza bera gertatzen zen lagunekin. Gainera, eskolak on line jasotzea ere ez zen oso atsegina izan. Hasieran zaila egin zitzaidan ikasgai batzuk pantailaren beste aldean jarraitzea, baina egunak pasa ahala ohitzen joan nintzen. Hala ere, ez dauka zer ikusirik; izan ere, ikastetxera joaten garenean klaseak jasotzeaz gain, beste ikaskideekin harremanetan egotera ere joaten gara, jolastera, hitz egitera, taldeko lanak burutzera… Hori guztia pantailaren beste aldean eten egiten da, eta oso gogorra izan zen.

Kalera irteteko aukera izan eta lagunekin egon barik, nola jolasten zenuten? Gauza berriak asmatu zenituzten?

Hainbeste denbora etxean pasa ostean arraroa egiten zitzaidan kalera irten ahal izatea eta duela asko ikusi gabeko jendearekin elkartzea eta hitz egitea. Esango nuke kalean egon eta gero sentsazio positiboagoarekin bueltatzen nintzela etxera, eta gustorago nengoela nire buruarekin ere. Lehen baloratzen ez nituen gauza txikiei garrantzi handiagoa ematen hasi nintzen, eta kalean egoteak asko lasaitzen ninduen.

Irailean eskolara bueltatu zineten. Nolakoa izan zen itzulera?

Martxoan laga genuen eskola eta irailean topatu genuenak ez zeukan zer ikurisik. Oso arraroa izan zen neurri berrietara egokitzea: ezin betiko lagunekin jolastokian elkartu, eskuak etengabe garbitu beharra… Baina, beste ikuspegi batetik begiratuta, esan dezaket nire gelakideekin harreman gehiago egiteko balio izan didala, lehen beti betikoekin egoten nintzelako eta orain harreman-sarea handitu dudalako.

Asko aldatu da zuen bizitza pandemia aurretik gaur egunera arte?

Guztiz aldatu zaigu gure egunerokoa; izan ere, asteburuetan lau laguneko taldeetan besterik ezin gara bildu, eta horrek asko mugatzen gaitu, gu lau lagun baino askoz ere gehiago gara eta. Lehen nahi beste pertsona bildu gintezkeen eta pertsona ezberdinak ezagutzeko aukera geneukan; orain, aldiz, ez. Gainera, uneoro musukoarekin egon behar izatea ere ez da batere erosoa.

Etorkizunaren aurrean, itxaropentsu zaude?

Uste dut poliki-poliki egoera aldatzen joango dela, badirudielako hobekuntzak ematen ari direla. Again ez da aurten ezta datorren urtean ere konponduko egoera, baina bi urte barru espero dut dena bere normaltasunera bueltatzea, musukoak kendu ahal izatea, nahi beste lagunekin bildu ahal izatea, familiakoekin beldurrik gabe elkartzea… Itxaropentsu nago.