Arantza Lasa, historialaria: “Debabarreneko emakumeak aspalditik daude biharrean”

Arantza Lasa, historialaria: “Debabarreneko emakumeak aspalditik daude biharrean”
2016/03/07 eta kitto!
Emakumearen Egunarekin bat eginez, Arantza Lasa historialariaren hitzaldia antolatu du …eta kitto! Euskara Elkarteak “Debabarreneko emakumeak XV. mendetik aurrera” izenburupean. Arantzak XVI. mendeko emakumeen bizimodua aztertu eta horren gaineko tesia egin zuen 2005ean, baina ordutik hona, horrenbeste gustatzen zaion gaia jorratzen jarraitu du; 2011n, esaterako, Eibarko emakumeen historiari buruzko liburua argitaratu zuen. Hitzaldia martxoaren 8an izango da, martitzena, arratsaldeko 19:00etan …eta kitto! Euskara Elkarteko hitzaldi gelan.

- Zeren gainean jardungo duzu hitzaldian?
Emakume nobleak, baserritarrak, maiestrak, errotariak, serorak, linua landu eta saltzen zutenak, arrantzaleak, merkatariak, patronak... Debabarreneko emakumeak aspalditik daude lanean –IX.mendekoak dira ditugun lehen erreferentziak– eta betidanik izan dute zer kontatu. Beraz, Debabarreneko emakumeak izango ditugu hizpide, XV. mendetik hasita. Debabarreneko emakumeek era askotako lanak egin dituzte, eta hauek desberdinak izan dira bizi izan diren lekuaren arabera. XVI. mendea oso garrantzitsua izan zen. Sasoi hartan, Deban oso garrantzitsua izan zen merkataritza eta horretan emakume
asko aritu ziren; Mutrikun arrantzarekin lotutako emakumeak izan genituen. Barnealdean, hiriak fundatzen direnean, emakumeak menditik bailarara doaz baina mantentzen da oraindik baserriarekin hartueman handia, lurrari oso lotuta egon dira. Gizonak Amerikara joaten hasi zirenenan, merkataritzan hasi zirenean edo militar moduan jarduten zutenean emakumeek etxearen ardura osoa hartzen zuten.

- Zelakoak ziren sasoi bateko Eibarko emakumeak?

Eibarko emakumeak beti izan dira aurrerakoiagoak, liberalagoa izan da Eibar. Matxinadetan eta gerra Karlistetan ere azpimarratzekoa da emakumearen papera, informatzaile bezala. Serorek ere garrantzi handia izan zuten, doktrina eurek erakusten zuten. Emakume errotariak ere oso garrantzitsuak izan ziren eta labetan ere egiten zuten lan. XX. mendearen hasieran biztanlegoa pila bat handitu zen Eibarren, inguruko probintzietatik jende asko etorri zen eta emakumeek apopiloak izaten zituzten etxean. Emakume alargunek egindako lana ere oso garrantzitsua izan zen eta gerra amaitzean, frankismo garaian, emakumeek janaria lortzeko egindako sekulako beharra ere aipatuko dugu.
arantza lasa hitzaldi