Aratosteetako play-back lehiaketa Errebal Plazan egingo da aurten

Aratosteetako play-back lehiaketa Errebal Plazan egingo da aurten
2023/01/27 eta kitto!
Otsailaren 19an, domeka, ospatuko da Aratosteetako Play Back lehiaketa. Pandemiaren ondorioz azkeneko urteetan online egin behar izan eta gero, kalera itzuliko da berriro  …eta kitto!-k antolatzen duen lehiaketa, eta Errebal Plazak hartuko du arratsaldeko 17:00etatik aurrera. Betiko moduan LH 5. eta 6. mailetako ikasleek hartu ahal izango dute parte, eta, horretarako, izena eman beharko da otsailaren 10a baino lehen. Parte-hartzeko baldintzak honako hauek dira: Taldeak, asko jota, sei lagunez osatuko dira; parte-hartzaileek mozorrotuta joan beharko dute; talde bakoitzak ikuskizun bakarrarekin hartuko du parte; aurkeztutako abestiak euskaraz izango dira; abestia MP3 formatoan grabatuko da eta emailez bidaliko izen-emate fitxarekin batera (eskoletan dituzte) honako helbide honetara: normalizazioa@etakitto.eus.

playback (MJ)130

aratoste domeka_playback (375)

Sariei dagokienez, hiru izango dira guztira: interpretazio onenarena, koreografia onenarena eta mozorro onenarena. Hala ere, parte-hartzaile guztiek jasoko dute oparitxoa. Lehiaketa egunean parte-hartzaileek 16:30erako egon beharko dute Errebal Plazan eta bertan emango zaie parte-hartzearen txanda edo ordena. Ainara izango da arduraduna, berarengatik galdetu. Informazio gehiagorako aurrez aipatutako helbidera idatzi.