Arrateko gainak Itzuliko amaiera eta Valenciaga Memoriala hartuko ditu asteburuan

0    Berriak 
ETA KITTO ETA KITTO
Arrateko gainak Itzuliko amaiera eta Valenciaga Memoriala hartuko ditu asteburuan
ETA KITTO 2021, Api 09

Bihar, zapatua, Itzulia Basque Country-aren azken etapa jokatuko da, Ondarroan hasi eta Arraten amaitzeko. Etapa 14:42ean abiatuko da eta 112 kilometroko ibilbidea osatu eta gero, Arraten 17:20etik 17:35erako tarte horretan amaitzea aurreikusten da. Zazpi mendate gaindituko dituzte biharkoan, 1. mailako Azurki, Krabelin eta Usartza, 2. mailako Elosua-Gorla eta 3. mailako Arribinieta, Elkorrieta eta Trabakua. Eibartik lehen aldiz Maltzagatik sartuko dira 16:05etik aurrera, Arrateraino jotzeko Azitaingo Orbe bidetik. Han Krabelin gaina izango dute zain eta, Ixuaraino jaitsi eta gero, Markinaruntz joko dute. Gurean bigarrenez sartzen direnean helmugaren bila izango da: Ermutik etorriko dira eta, Amañatik Arraterako errepidea hartuta, Usartza gaina gainditu eta helmuga izango dute bi kilometro eta erdira.

Etzi, domeka, Valenciaga Oroitzarrearen 50. edizioa izango da jokoan. Afizionatuen mailako elite eta 23 urtetik azpikoentzako lasterketa bezperakoa baino luzeagoa izango da, 153 kilometroko ibilbidea osatuko baitute txirrindulariek. Lasterketa 09:30ean hasiko da eta gutxi gorabehera 13:20an amaituko. Probak bost mendate izango ditu: 1. mailako Ixua eta Usartza eta 3. mailako Itziar, Aina eta San Miguel. Hau ere bitan pasatuko da Eibartik: lehenengoz, 12:20aren bueltan, Azitaindik sartu eta bariantea hartuko dute (113 km) Ixuaraino igotzeko, eta bigarrenean, ibilbide beretik jo eta Arrateko helmugaren bila joango dira. Etapa streaming bidez jarraitu ahal izango da, www.clubciclista.org web-orritik konektatuta.

 

Aldaketak trafikoan

Asteburuan hainbat kirol proba jokatuko direla eta, trafikoan hainbat aldaketa egongo direla gogorarazi dute Udaltzaingotik: bihar 18:30ean Eibar eta Levante taldeen arteko partidua jokatuko da Ipuruan eta, hori dela eta, J.A. Mogel eta Indalezio Ojanguren kaleetan ohiko eremuak seinaleztatuko dira.

Horrez gain, bihar jokatuko den Itzuliaren etaparekin Arraterako sarrerak goizean goizetik itxiko dituzte, baserri eta jatetxeetan bizi direnentzat izan ezik. Horrekin batera, sarbide guztiak 15:00etan itxiko dira.

Eta domekan Valentziaga Memoriala dela-eta, Eibar-Arrate eta Arrate-Eibar autobusaren 11:00etako eta 13:00etako zerbitzuak bertan behera geratuko dira.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »