Asteburuan egingo da Lambretta motorren topaketa

Asteburuan egingo da Lambretta motorren topaketa
2018/07/13 eta kitto!
Hamabosgarrenez egingo da Lambretta motorren kontzentrazioa asteburu honetan. Martitzena, uztailak 10 San Kristobal gidari eta Lambretta lantegikoen zaintzailearen eguna izan zen eta, urteroko martxan, egun horren inguruan antolatu dute Lambretta motorren inguruko topaketa. Eta, kontzentraziorako girotzen joateko, egunotan herriko 27 dendatatako erakusleihoetan Lambretta motorrak erakutsi dituzte.

Asteburu honetan Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabatik etorriko diren motorzaleei, Castellon, Guadalajara, Kantabria eta Burgosetik ailegatuko diren beste batzuk gehituko zaizkie. Bihar goizeko 10:00etan ekingo diote Lambretta Eibar XV. Kontzentrazioaren egitarauari, Untzaga plazan topaketan parte hartuko dutenen aurkezpenarekin. Eguerdira arte, era guztietako Lambretta motorrak ikusteko aukera izango da Untzagan, 12:00etan herriko kaleetan egingo duten kalejira hasi aurretik. Aurten Florencio Irigoien, 1953an Lambretta tailerra Eibarren zabaldu zuena gogoratuko dute eta, omenaldi gisa, haren alaba Maria Victoria Irigoienek banderakadarekin emango dio hasiera motorren kalejirari. Eibarko kaleetan gora eta behera ibili eta gero, asteburuan jaiak ospatuko dituen San Kristobal auzora igoko dira motorzaleak. Mutrikuko Azkenetxe jatetxean egingo duten bazkaria baino lehen, kostaldera buelta bat eman eta Kalbarixora igotzeko tartea hartuko dute motorzaleek. Arratsaldean, berriz, Trabakuara joango dira, 18:00etan Enrike Mugarzari omenaldia egiteko. Lambrettako behargina izan zen Mugarza eta, besteak beste, Espainiako Itzulian 12 alditan motorrarekin lotura lanetan ibili zen. Omenaldia eta gero, Eibarrera bueltan, afari-merienda egingo dute eta, animatzen direnek, San Kristobal auzoko jaietan, gauerditik aurrera Mocedades taldeak emango duen kontzertuan agurtuko dute eguna.

lambretta kartel