Asteburuan Lasturren izan dira Gurasoak Berbetan eta Ongietorri programetako familiak

Asteburuan Lasturren izan dira Gurasoak Berbetan eta Ongietorri programetako familiak
2023/01/30 eta kitto!
Zapatuan, eguraldi euritsuari eta hotzari aurre eginez, Lasturren izan ziren Gurasoak Berbetan eta Ongietorri egitasmoetako hogeita bat familia, 24 heldu eta 33 ume guztira. Goizean goiz abiatu ziren Eibartik eta Lasturrera heldu orduko ongietorri polita egin zieten bertakoek. Askotxo zirenez, talde bitan banatu ziren; talde batek errota bisitatu zuen lehenengo eta besteak bideo interesgarria ikusi zuen. Lastur Euskal Herriko Geoparkean dago eta inguru hartako jatorria eta hainbat bitxikeria ikusi eta entzun ahal izan zituzten. Lasturreko herrigunean bi errota daude, eta gaur egun martxan jarraitzen dute. "Errotak nola funtzionatzen duen azaldu ziguten lehenik eta behin. Elektrizitate gabe funtzionatzen du, antzina bezala eta hortik arto-irina ateratzen da", kontatu zuten familiek. Eta behin irina lortuta, "taloak egin genituen, talo gozo-gozoak eta gazi-gozoak. Batzuk txorizoarekin jan zuten taloa eta beste batzuk, berriz, txokolatearekin. Denon gustuko taloak egin genituen. Zapatuko hotzari aurre egiteko modu hobeagorik!".

Lastur 3M

Lastur 4M

Lastur 2M

Lastur 6M

Irteera polita eta aberasgarria izan zen haur zein helduentzat, baina bereziki Ongietorriko familientzat : "Harrera eta elkarbizitzarako egitasmoa da Ongietorri, eta horrelako ekintzekin lortu nahi duguna da jatorri ezberdinetako familiak bertoko kultura, hizkuntza eta ohiturengana gerturatzea. Gainera, Eibarko guraso berbalagunekin batera egin ohi ditugu horrelako irteerak eta oso  hartu-eman polita sortzen da euren artean", ...eta kitto!-tik nabarmendu dutenez.

Bai batean zein bestean urte osoan eman daiteke izena, doan. Informazio gehiagorako elkartea@etakitto.eus eta ongietorri@etakitto.eus.