Ate irekien jardunaldia egin da Agifes elkartearen egoitzan

Ate irekien jardunaldia egin da Agifes elkartearen egoitzan
2016/10/10 13:51
eta kitto!
Gaur Buru Osasunaren Munduko Eguna da eta, horren harira, Agifesek, Buru Gaixotasuna duten Pertsonen eta Senideen Gipuzkoako Elkarteak hainbat ekitaldi antolatu ditu gaurko zein datozen egunotarako. Aurten estatu mailako konfederazioak proposatu duen "Zu bezalakoa naiz, oraindik ez badakizu ere" goiburuarekin bat egin du Agifesek, "buruko osasun arazoek guztioi eragiten digutela ohartarazi eta gure antzekotasunak ezberdintasunak baino gehiago direla jakitera emateko" asmoz.
Helburu horretara bideratuta antolatu duten egitarauaren barruan, gaur goizean ate irekien jardunaldia egin dute Eibarko Agifesen zentruan, Urkizun. Ramon Apellaniz Eibarko Agifeseko zuzendaritza batzordeko kideak aurkezpen laburra egin eta jarraian, errehabilitazio psikosozialerako zentroan bisita gidatua egin dute, aurten zabaldu duten egoitza berriaren instalazioak ezagutzera emateko eta, horrekin batera, zentrora joaten direnek eguna zertan ematen duten azaltzeko. Astelehenetik barixakura bitartean, 10:00etatik 17:00etara zabaltzen duten zentroan 20 bat lagun hartzen dituzte eta, piskologo zein orientatzaileek lagunduta, bakoitzaren premiak asetzera bideratutako jarduerak garatzen dituzte. Erabiltzaileek eurek azaldu dutenez, "eskulanak eta bestelakoak egiten ditugu, ariketa fisiko pixka bat, gure blog-ean egiten dugunaren berri ematen joaten gara, gauzak nola eskatu-eta ere ikasten dugu, autoestimua lantzen dugu…". Laburbilduz, egunerokotasunean baliagarriak izango zaizkien hamaika kontu lantzeko aukera eskaintzen die zentroak: "Sukaldea eta jangela dauzkagu eta hemen bazkaltzen dugu denok elkarrekin, bakoitzaren zereginak banatuta daude eta, beraz, guk prestatzen dugu mahaia, amaitzean dena garbitu eta jasotzen dugu. Oso ondo moldatzen gara eta ez dugu arazorik izaten. Martitzenetan sukaldaritza tailerra egiten dugu eta horretarako errezetak lortu, osagaiak erosi eta beste guztia ere guk egiten dugu".
Ekitaldia agurtu baino lehen ‘Zu bezalakoa naiz’ manifestua irakurri dute eta luntxarekin amaitu dute gaurko jardunaldia Eibarren. Arratsaldean, berriz, Donostiako Aquariumera joango dira, 18:30ean doan proiektatuko diren buru osasunari buruzko film laburrak ikusteko eta Agifeseko psikologo batekin haiei buruz gogoeta egiteko.

agifes-ate-ireki-1 agifes-ate-ireki-7 agifes-ate-ireki-9 agifes-ate-ireki-10 agifes-ate-ireki-11 agifes-ate-ireki-12 agifes-ate-ireki-13 agifes-ate-ireki-14 agifes-ate-ireki-17 agifes-ate-ireki