Atzo hasi zituzten gabonak herriko merkatariek, argiak piztearekin batera

Atzo hasi zituzten gabonak herriko merkatariek, argiak piztearekin batera
2017/11/28 eta kitto!
Atzo, argiak piztearekin batera ekin zion gabonetako kanpainari Eibar Merkataritza Gune Irekiak (EMGI). Udal ordezkariekin batera, herriko dendari eta tabernarien ordezkariek hartu zuten parte Eibarko Bizikleta Plazak hartu zuen ekitaldian. Aurtengo gabonetan kaleak apaintzeko ipini dituzten argiek 46.000 euroko gastua eragingo dute; udalak 34.800 euro ordainduko ditu eta gainontzekoa, berriz, Eibar Merkataritza Gune Irekiak ipiniko du.

gabon kanpaina+argi07

Gabonetako kanpainaren aurkezpena, bestalde, pixkat aurretik egin zuten, udaletxean. Kanpainaren barruan ekimen garrantzitsuenak Astelena frontoian ipiniko duten haurrentzako parkea edo 'txiki-parka' eta barrakak izango direla azpimarratu zuten dendariek. Aurreratu zutenez, Udalaren eta Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo sailaren babesa duen gabonetako haur parkea abenduaren 16an eta 23an zabalduko dute, baita abenduaren 26, 27, 28, 29 eta 30ean eta 2018ko urtarrilaren 2an, 3an eta 4an ere. Eta gabonak amaituta ere, azken urteotako martxan urtarrileko, otsaileko eta martxoko zapatuetan ere egongo da martxan. Goizeko 11:00etatik 14:00etara eta arratsaldeko 16:30etik 20:30era zabalduko ditu ateak (abenduaren 31n goizez bakarrik). Sartzeko, berriz, kanpainan parte hartuko duten dendetan banatuko diren txartelak aurkeztu beharko dira. Barrakak, bestalde, Txaltxa Zelaian, Urkizun eta anbulatorio pareko parkean ipiniko dituzte (abenduaren 22tik urtarrilaren 7ra arte): Urkizun eta anbulatorio pareko barraketan doan ibiltzeko aukera izango da, dendetan banatuko dituzten txartelak edo bonuak aurkeztuta, baina egun batzuetan ordaindu beharko dira. Eta Txaltxa Zelaiko barraketan ibiltzeko, berriz, bonua aurkezteaz gain 0,50 euro ordaindu beharko dira (txartelak erabili ezin daitezkeen egunetan, berriz, 1,50 euro ordaindu beharko dira).

EMGIk antolatutakoekin batera, Eibarko Dendarien Elkarteak eta udalak berak beste hainbat jarduera prestatu dituzte, tartean abenduan zehar egingo dituzten bi zozketa bereziak: aurrenekoan, Dendarien Elkarteko Txartelarekin ('Eibar txartela') erosketak egiten dituztenen artean 200 euroko hamar erosketa-txartel oparituko dituzte eta bigarren zozketan, berriz, gabonetako 40 otar banatuko dituzte abenduaren 1etik 20ra bitartean zerbait erosten dutenen artean.