Aukeratu dituzte Bacalaos Alkorta Eibarko Hiria II. Pintxo Txapelketarako Debabarreneko finalistak

Aukeratu dituzte Bacalaos Alkorta Eibarko Hiria II. Pintxo Txapelketarako Debabarreneko finalistak
2018/11/11 eta kitto!
Atzo eman zituzten ezagutzera Bacalaos Alkorta Eibarko Hiria II. Pintxo Txapelketako finalerako aukeratu dituzten Debabarreneko ordezkariak: “Baratze" (Eibar), “Viento Sur” (Elgoibar) eta “Sagarra” (Ermua). Hiru hauek izango dira, beraz, lurralde historiko bakoitzeko establezimendu txapeldunekin batera azaroaren 18an lehiatuko diren Eibar, Elgoibar eta Ermuko ordezkariak. Pintxo irabazleak, berriz, “Baratzeko Bakailaoa”, “Munduko Txalupa” eta “Bakailao tortilla” izan dira, hurrenez hurren.
Gure eskualdeko 15 taberna eta jatetxek hartu dute parte eguen eta barixakuan egin den finalaurrekoan: Eibarko Kontent, Amesti, Baratza Gourmet, Trinkete eta Bossa Gastroteka; Elgoibarko San Roke Kafetegia, Viento Sur, Mahala, Ibai Ondo eta Sigma; eta Ermuko Sagarra, Kiska, London, Giroa, Mendiola eta Pata Negra. EIBARKO BOST TABERNETAKO PINTXOAK IKUSTEKO JOAN GURE MEDIATEKARA.
Epaimahaikideak Mireia Alonso, Josu Mugerza, Jesus Portugal eta Aitor Buendia izan dira eta, euren berbetan, “Debabarreneko finalaurrekorako aurkeztu dituzten proposamenek kalitatea eta profesionaltasuna erakutsi dute eta, iazkoarekin alderatuta, pintxoak aurkezteko moduan zein zaporean hobekuntza nabarmena ikusi dugu, gure zorionik beroena parte hartu duten guztiei”.

Baratzeko Bakailaoa Baratzeko Bakailaoa

Munduko Txalupa Munduko Txalupa

Bakailao Tortilla Bakailao Tortilla

Txapelketa Eibarko Udalak, “Bacalaos Alkorta” enpresak eta Mireia Alonso Perez eibartar gastronomoak antolatzen dute, Solera Eibarresa, Selección Hinojal, Esther Galarza, Igartza Foodservice, Comercial Zabala, Ondojan eta La Ruta Slow-ren laguntzarekin.
Finala datorren domekan jokatuko da, 12:30ean Eibarko udaletxeko patioan eta “showcooking” formatuko saioa izango da: nahi duten guztiek finalista geratu diren pintxoak nola prestatzen dituzten bertatik bertara ikusi ahal izango dute. Gainera, ekitaldira doazenekin Herri Epaimahaia osatuko da (12:30ean, ekitaldia hasi baino lehen), pintxoak dastatu eta Sari Herrikoia nork eramaten duen erabakitzeko.
Finalean, gure eskualdeko hiru ordezkariekin batera, 2018an zehar Euskal Herriko beste eskualdeetan egin diren lehiaketak irabazi dituzten establezimendu hauek hartuko dute parte: Hondarribiko Gran Sol (Gipuzkoako Txapelduna), Durangoko Kobika (Bizkaiko Txapelduna eta 2017ko I. Edizioaren Irabazlea), Gasteizko El Portalon (Arabako Txapelduna) eta Iruñako El Merca’o de Pamplona (Nafarroa eta Euskal Herriko Txapelduna). Aurtengo txapelduna aukeratzeko epaimahaia Mireia Alonso (eibartar gastronomoa), Josu Mugerza (Elgoibarko “Belaustegi” Jatetxea), Alex Mujica (Iruñako “La Cocina de Alex Mújica” Jatetxea), Josema Azpeitia (Ondojan.com) eta Jesus Portugal (Ermuko Lobiano Elkarte Gastronomikoa) sukaldaritzan adituek osatuko dute. Iaz lehenengoz egin zen txapelketako irabazlea Durangoko Kobika jatetxea izan zen.