Pintxo onenaren saria Iruñako "El Merca’o" tabernak eskuratu zuen atzo, Bacalaos Alkorta Eibarko Hiria Pintxo Txapelketan

Pintxo onenaren saria Iruñako "El Merca’o" tabernak eskuratu zuen atzo, Bacalaos Alkorta Eibarko Hiria Pintxo Txapelketan
2018/11/19 eta kitto!
Atzo eguerdian Bacalaos Alkorta Eibarko Hiria Pintxo Txapelketako Finala hartu zuen udaletxeko patioak, “showcooking” modura planteatu zuten saioan. Jendaurrean prestatu zituzten pintxo finalistak eta, horiek probatu eta gero, epaimahaiak sari nagusia Iruñako El Merca’o de Pamplona-ri ematea erabaki zuen. Debabarreneko pintxo onenari saria, berriz, Ermuko Sagarra tabernarentzat izan zen eta aurkezpen onenari saria Durangoko Kobikak eskuratu zuen. Horrez gain, publikoak emandako botuekin erabaki zen saria Astrabuduako Coppi tabernak eraman zuen.

Atzoko finalean, “Baratze” (Eibar), “Viento Sur” (Elgoibar) eta “Sagarra” (Ermua) Debabarreneko hiru ordezkariekin batera, 2018an zehar Euskal Herriko beste eskualdeetan egin diren lehiaketak irabazi dituzten establezimendu hauek hartu zuten parte: Hondarribiko Gran Sol (Gipuzkoako Txapelduna), Durangoko Kobika (Bizkaiko Txapelduna eta 2017ko I. Edizioaren Irabazlea), Gasteizko El Portalon (Arabako Txapelduna) eta Iruñako El Merca’o de Pamplona (Nafarroa eta Euskal Herriko Txapelduna). Horiekin batera, antolatzaileek zortzigarren parte-hartzaile bat gonbidatu zuten ekitaldira: Euskal Herriko Pintxo Txapelketaren azken edizioan saria jaso zuen Astrabuduako “Coppi”, “Una de callos” izeneko proposamenarekin. ARGAZKI BILDUMA IKUSTEKO SARTU GURE MEDIATEKAN.