Barixakuan emakume bati eraso egin zion gizona Martuteneko kartzelan sartzeko agindua eman du epaileak

Barixakuan emakume bati eraso egin zion gizona Martuteneko kartzelan sartzeko agindua eman du epaileak
2017/07/10 16:13
eta kitto!
Segurtasun Sailak zabaldu duen azken orduko informazioaren arabera, barixaku goizaldean Eibarren emakume bat bortxatzen ahalegindu zela eta zapatuaz geroztik atxilotuta egon den 27 urteko gaztea Martuteneko espetxean sartu dute, gaur goizean deklaratzen egon eta gero, epaileak akusatua espetxeratzeko agindua eman baitu. Erasoa barixaku goizaldean gertatu zen: emakumea etxerako bidean zihola, gizon batek lurrera bota eta bortxatzen ahalegindu zen, baina laguntza eskatu eta pegora batean babestea lortu zuen emakumeak. Ertzaintzan salaketa ipini zuen andrak eta zapatuan gizona Eibarren bertan atzeman eta atxilotuta eraman zuten.

Erasoa dela eta, gaur goizean horri buruz jarduteko bilera berezia egin du Eibarko Udaleko Bozeramaleen Batzordeak eta, hori amaituta, udalak gertatutakoa irmoki gaitzestu egin du alderdi guztiek aho batez onartu duten idatzizko adierazpen instituzionalaren bitartez. Beste ezer baino lehen, biktimarekiko errespetua eskatu dute, “izan ere, haren irudia eta intimitatea erabateko begirunez zaindu behar dira. Eibarko Udalak biktimaren esku jartzen ditu behar diren bitarteko guztiak, indarkeria matxistaren aurkako zero-tolerantzia politikaren haritik. Emakume bati egindako eraso bakoitza gizartearen kontrako kolpe bat da. Indarkeria matxista ez da norbanakoaren arazoa. Zerbaitek kale egiten du. Beraz, irtenbidea denon ardura da”.

Horrekin batera, horrelako erasoak ezin direla inolaz ere onartu azpimarratu dute: “Indarkeria matxistaren adierazpen guztiek lotsarazten gaituzte gizarte gisa, eta ezin ditugu onartu. Pertsona guztiei tratu onak bermatzen dizkien gizarte batean bizitzea lortu nahi dugu, pauso bat aurrera ematen duen gizarte bat eta emakumeenganako erasoen aurka erakusteaz gain, emakumeen eta gizonezkoen arteko berdintasunaren alde dagoena. Horregatik guztiagatik, Eibarko Udaleko Bozeramaleen Batzordeak bere elkartasun eta babes osoa erakutsi nahi dio erasotutako emakumeari; halaber, salatu eta gaitzetsi egiten du jasandako erasoa, eta gertaera hau salatzeko Emakumearen Mahaiak deitzen dituen ekimen guztiekin bat egiten du”.

Alderdi guztiek elkarrekin adostu duten adierazpenekin bat egin arren, Eibarko EAJ-PNVk beste idatzi bat egin du sexu erasoaren inguruko bere gaitzespena azaltzeko. Adierazpen instituzionalean jasotakoaren bidetik, horrelako erasoak onartezinak direla berretsi du eta biktimari babesa eskaini diote, “justiziak erasotzailea gogor zigortzea” espero dutela gaineratuta. Jeltzaleen berbetan, “Eibarren betidanik izan dugun elkarbizitza eta errespetuzko kulturan horrelakoentzat tokirik ez dago”. Gai hauekin kezkatuta azaldu dira eta behin baino gehiagotan eskatu dutenari erantzunez, herritarren segurtasunarekin lotutakoak aztertu eta lantzeko udal organuren bat osatzea premiazkoa dela erizten diote. Horrekin batera, instituzioen arteko zein hedabideekiko komunikazioa bideratzeko protokoloa ezarri beharko litzatekeela ere pentsatzen dute.

Erasoaren inguruko gaitzespena adierazteko, bihar (martitzena) 20:00etan elkarretaratzea egingo da Untzagan eta, herritar guztiak parte hartzera deituta amaitu dituzte adierazpen biak. Nalua Eibarko Feminista taldeak, bestalde, elkarretaratzearekin bat egiteaz gain, martxa zaratatsua iragarri du biharko.