Beherapenen Azoka hartuko du Toribio Etxebarria kaleak bihartik barixakura bitartean

Beherapenen Azoka hartuko du Toribio Etxebarria kaleak bihartik barixakura bitartean
2017/07/18 18:41 eta kitto!
Bihar goizean, 10:00etan zabalduko dute Udako Beherapenen Azoka (“Eibar Factoring”) Toribio Etxebarria kalean. Eguaztenean hasi eta barixakura bitartean, hiru egunetan (eguazten, eguen eta barixakuan) egun osoan zabalduko dute, goizeko 10:00etatik 20:00etara. Eibar Merkataritza Gune Irekia elkartekoen eskutik antolatzen den merkealdiak hamargarren edizioa beteko du eta, betiko martxan, sektore ezberdinetako dendek hartuko dute parte, euren produktuen inguruko eskaintza bereziekin: 23 dendarik kalean postua ipiniko dute eta beste bostek, berriz, dendan bertan egingo dituzte eskaintzak. Hauek dira parte hartuko duten dendak: Askasibar, Beittu, Burbujas y Más, Cedry, Doroti, Farmalur, Gratzina, Guby Chicos, Guby Mujer, Ikusimakusi, Izane, Klaus, Khloe, Kopiña, Leder, Lide, Marsi, Neure, No Comment, Rosa Domínguez, Ttiki, Txukuna, Xare, Corral, Federopticos Igmar, Oskarbi Oinetakoak, Tribeka eta Vieco. Bestalde, Eibar Kirol Elkartearen denda ofiziala den Askasibarrek ipiniko duen postuan 2017-2018 denboraldirako ekipazio berriak egongo dira salgai.

1024 barru

Eta …eta kitto! Euskara Elkarteak, berriz, azken edizioetan egindakoaren bidetik mahaia ipiniko du, ‘Euskaraz Primeran!’ kanpainaren harira hainbat jarduera egiteko: “Euskara Ahoan” idatzita duten ezpainetarako kakao-barrak oparituko dizkiete gerturatzen direnei eta, horrekin batera, nahi duenak euskeraren aldeko esaldiak idazteko aukera izango du, horretarako prestatuko duten mural batean. Gainera, parte hartzen dutenen artean zozketa egingo dute, EMGI-koek emandako 100 euroko erosketa-txartela oparitzeko.