Bixente Martinez, musikaria: “Musika sortzean beti dago arriskua, baina arriskutik datoz gauza berriak”

Bixente Martinez, musikaria: “Musika sortzean beti dago arriskua, baina arriskutik datoz gauza berriak”
2021/11/08 eta kitto!
Oskorri eta Igelaren Banda taldeekin, Ruper Ordorikarekin… Bixente Martinezek ibilbide luzea egin du musikaren munduan. Orain, ostera, bakarkako bidea hartu du. Gitarra eta bera. Hain zuzen ere, hain kuttunak dituen Oskorriren kantuak izan ditu oinarri bide hori hasteko eta ‘Txoria buruan eta ibili munduan’ diskoan biziberritu egin ditu.

 

Musikaren munduan hainbeste urte eman eta gero, bakarkako lehen diskoa argitaratu duzu. Nola etorri da?

Kasualitatez. Pandemiak etxean sartu gintuenean, hasierako kolpea pasa ondoren (ez genekiela zer gertatzen ari zen), burua eta eskuak okupatuta edukitzeko zerbait egin behar nuela pentsatu nuen. Nire lana gitarra jotzea denez, gitarra asko jotzen dudan arren, beti dut buruan artista batekin edo bestearekin jo behar dudala (Igelaren Bandarekin, Ruper Ordorikarekin...). Une horretan, zer gertatuko zen jakin barik, zera esan nion nire buruari: “Bixente, egoera hau izanik, ea gai zaren ganorazko zerbait egiteko zuk bakarrik gitarrarekin”. Hori izan zen hasierako ideia eta horrela hasi nintzen abestiak lantzen.

 

Noiz pentsatu zenuen abesti horrekin diskoa egin zenezakeela?

Denborapasa izan zen, baina ez hori bakarrik. Musikari profesionala izanda, pentsatu nuen proiektu honek helburu zehatz bat edukitzea merezi zuela, zentzurik gabe jotzen ez ibiltzeko. Hemengo musika jotzen ibiltzen naiz beti (musika tradizionala, abesti zaharrak, modernoak...) eta autore ezberdinen kantuekin jolastu ohi dut. Orduan, iruditu zitzaidan polita izan zitekeela Oskorriren errepertorioa hartu eta begirada berria ematea gitarrarekin. Oskorriren errepertorioa oso zabala da eta, gainera, niretzat oso kuttuna da, barrenean daramat. Horrela, abestiak oso modu naturalean hasi ziren etortzen nire eskuetara.

 

Nola egin zenuen abestien aukeraketa?

Abesti asko probatu ditut, baina gitarrarekin moldaketa egiteko orduan ikusi nuen kantu guztiak ez zirela egokiak. Orduan, probak egin ondoren, egoki ikusi ditudanak aukeratu ditut.

 

Zuretzat Oskorriren abestiak kuttunak izanik eta, era berean, euskal kulturan hain errotuta egonik, ardura sentitu duzu kantuak moldatzeko orduan?

Musika sortzen den momentuan beti dago arrisku puntu bat (eta hortik etorri daiteke diskoaren izenburua, ‘Txoria buruan eta ibili munduan’), baina arriskutik etortzen dira gauza berriak. Zeresanik ez, abesti hauen maketa eta proba batzuk egin ondoren, inguruko jendeari eta Oskorriko kideei erakutsi nizkien. Oso ondo iruditu zitzaien eta askatasun osoz ibili naiz lanean. Gero, intuizioa erabili dut alde batetik edo bestetik joateko. Ez da oso gauza zientifikoa, baina beno, orain esaten den bezala, prozesu organikoa izan da.

 

Nola moldatu zara gitarra bakarrik erabiliz diskoa grabatzeko?

Diskoa gitarrarekin bakarrik grabatzea, pentsatutako erabakia izan da. Gaur egun posible da pista batean gitarra bat grabatzea, beste pista batean beste gitarra bat, hirugarren baten beste bat... Horrela, abestia gehiago jantzi daiteke, orkesta txiki bat sortuz, baina horrek laborategi kutsua eman diezaioke abestiari. Azken neurrian, ez zaude beste musikari batzuekin jotzen, makina batekin baizik. Hori ez zait larregi gustatzen eta, gainera, gero zuzenean hori errepikatzea zaila da. Beraz, disko honetako kantu guztiak gitarrarekin eginda daude, baina diskoan ez dago gitarra bat bakarrik, gitarra akustikoa, gitarra elektriko ezberdinak, pedal efektuak... erabili ditudalako. Gitarra bat dago beti, baina beti ez du kolore bera.

 

Dagoeneko zenbait kontzertu eskaini dituzu disko berriko abestiak aurkezteko. Asko aldatzen da proposamena edo diskoaren estiloari eusten diozu?

Kontzertuetako alde musikalari bere horretan eusten diot, diskoan entzuten den bezala joz. Oholtza gainean ni bakarrik nago, baina bi dantzari gazte etortzen dira nirekin ikuskizuna osatzeko. Leire Romero eta Aimar Odriozola oso dantzari finak dira eta, oro har, musikarekin eta dantzarekin uste dut oso ikuskizun goxoa eskaintzen dugula. Jendea, behintzat, pozik irteten da. Dagoeneko bi kontzertu eskaini ditut eta baditut beste pare bat hitz emanda. Zer esanik ez, Eibarren gustora joko nuke.

 

Pandemiaren ondorioz geldirik egon ondoren, nola bizi izan duzu itzulera eszenatoki gainera?

Itzulera oso polita izan da. Pandemia hasi zenetik oso gutxi egon naiz oholtza gainean, gauza puntualak egiten bakarrik, eta jendearekin berriz topatzea oso polita izan da. Azkenean, artistok egiten duguna ez da guretzako izaten, jendearentzako baizik. Orduan, jendearekin konpartitzea zoragarria da; gainera, jendeari gustatu egiten zaiola ikusten baduzu, are gehiago.

 

Eibarren gustora joko zenukeela aipatu duzu. Nolako agenda duzu hemendik aurrera?

Azaroaren 14an, domekan, Legazpin joko dut, eta 2022ko martxoan Donostian egongo naiz. Hala ere, badaude beste data batzuk bueltan, baina oraindik ez daude konfirmatuta eta ezin da ezer esan. Bestetik, Eibar aipatu duzula aprobetxatuta, esan behar dut diskoaren azalaren artelana egiteko eibartar baten laguntza izan dudala, aspaldiko laguna eta artista fina den Esther Galarzarena hain zuzen ere.

 

Ezin eibartarragoa da diskoa orduan!

Hori da! Jendeari asko gustatu zaio Estherren lana eta ni oso pozik nago.