[BIZI DEBABARRENA] Deba-Itziar: Mendatagaina, Josune Arakistainen eskutik

[BIZI DEBABARRENA] Deba-Itziar: Mendatagaina, Josune Arakistainen eskutik
2022/07/29 09:01
eta kitto!
Mendatagaina du inguruotako tokirik kuttunena Josune Arakistain (Lastur, 1996) Huntza taldeko abeslari eta trikitilariak. "Euskal Herria ederra dela badakigu, baina Top zerrenda bat egingo bagenu, dudarik gabe leku hau lehenengo postuetan egongo litzateke", adierazi du. Gustuko ditu bertako "fauna, flora, historia, paisaia eta lasaitasuna (udaran ez horrenbeste)...", eta hitz gutxitan laburbildu du preziatua duen lekua: "Itsasoa eta mendia elkartzen diren puntua da, eta errespetatzeko labarra".

Zenbait urtez trikitilari txapelketetan ibili ondoren, Huntza taldearekin dabil plazaz plaza lasturtarra, 2014az geroztik. Urteotan, lau disko kaleratu dituzte –Ezin ezer espero (2021, Mauka Musikagintza) da horietako azkena–, bidean ehunka oholtza eta leku ezagutuz. Baina, musika esparruan ere, Mendatagain aldeak berezia izaten jarraitzen du Arakistainentzat. "Nire ibilbideko bideoklip garrantzitsuena, Aldapan gora abestiarena, bertan grabatu genuen eta oroitzapen zoragarriak dakarzkit".

Aitzuri hormatzar handiaren gainean kokatua, Mendatagainak euskal kostalde osora hedatzen den ikusmira zabala eskaintzen du. Hainbat ibilbide egin daitezke inguruetan; Itsaslabarraren Sustraiak (PR-Gi 5001), adibidez. Mendatagaineko behatokitik, Sakonetako senadia, Andutzeko faila (flysch kareduna eta flysch beltzaren artekoa), marearteko zabalgunea edo Mendatako ur-jauzi txikia ikus daitezke. Halaber, paisaiaren parte dira hariztiak, artadiak, txilardi-otadiak..

"Gauzetara ohitzen garenean aspertzen garela dio esamoldeak, baina ni ez naiz sekula ohituko leku honetara".

 

Izena: "Itsaslabarraren sustraiak"

Distantzia: 5,5 km

Iraupena: 01:55 h

Zailtasuna: Erraza

Hasiera: Itxaspe kanpina

Amaiera: Errota Berri jatetxea

Josune Arakistain