Bizilagunak bazkari multikulturalak azaroaren 17an izango dira

Bizilagunak bazkari multikulturalak azaroaren 17an izango dira
2019/10/24 eta kitto!
Kanpotik etorri direnei buruz dauden estereotipo eta aurreritziak albo batera lagatzeko asmoz, Gipuzkoako SOS Arrazakeria eta Mugak elkarteen eskutik aurten ere Bizilagunak ekimeneko bazkari multikulturalak egingo dira herri askotan, tartean Eibarren. Betiko asmoari jarraituko zaio oraingoan ere: hemen jaiotakoak eta atzerritik etorritakoak mahai baten inguruan jarri eta elkarrezagutzarako bideak zabaltzea. Aurtengoa zortzigarren edizioa izango da eta bazkariak azaroaren 17an (domekan) egingo dira. Ekitaldian nahi duenak har dezake parte, familia moduan, taldean zein banaka izena emanda.

Aurreko urteetan egindakoaren bidetik, bazkariak ekimenean parte hartzeko izena ematen dutenen etxeetan egingo dira eta Eibarren, bazkaltzen hasi aurretik, izena ematera animatzen diren guztiak Untzagan elkartuko dira, euren arteko aurkezpena egin eta, jarraian, gonbidatuak jasotzeko izena eman dutenen etxeetara joateko. Bazkaria prestatzeko ardura familia gonbidatzaileak izango du eta, ahal izanez gero, bere jatorrizko herrialdean tipikoa edo tradizionala den bazkaria prestatzea litzateke aproposena.

Baina, menua albo batera lagata, horrelako bazkariak antolatzeko arrazoi nagusia elkarrezagutzarako bidea zabaltzea dela diote arduradunek: “Hemengo pertsona askok ez du aukerarik edota ez daki zer egin atzerritik iritsitako pertsonak ezagutzeko, eta alderantziz. Horregatik, halako guztientzat Bizilagunak ekimen hau aukera paregabea da nork bere jakin-mina asetzeko eta bestelako jatorria, kultura, ohiturak edota pentsaerak dituzten hurkoak ezagutu eta ordu batzuk gustura igarotzeko”.

2018an 2.542 pertsonek osatutako 219 bazkari ospatu ziren Euskal Herri osoan eta azken urteotan eibartarrak ere animatu gara Bizilagunak egitasmoan parte hartzera. Gainera, bazkarien ostean esandakoengatik, orain arte parte hartu dutenak oso gustora daude esperientziarekin eta batek baino gehiagok errepikatu ere egin du.

Izena emateko immigrazioa@eibar.eus helbidera idatzi edo 943708440 telefono zenbakira deitu daiteke edo, bestela, ongietorri@etakitto.eus helbidera idatzi edo 943200918 telefono zenbakira deitu. Informazio gehiagorako, mugak.eu webgunean begiratu.

Aurten, jendeari ekimenaren berri emateko asmoz, Fernando Verak (Amenic Ikus-entzunezko produkzioak) zuzendutako promozio bideo bat egin dute : “Bertan, Ane Gabarain, Jose Ramon Soroiz eta Isidoro Fernandez aktoreek jakinmin handiz bizi dute bizilagun berrien etorrera. “Nondik etorri dira? Eta usain eta zapore horiek? Zer jaki prestatzen ari ote dira?, gisa horretako galderak hitzetik hortzera egiten dituzte. Hassna Kadouri Joundi eta Ramy Mohamed Kamel dira etorri berriak, eta horiek herrimina eta bakardadea sentitzen dute”. Jon eta haurrek, Cesare Magliani kameralariak eta Xabi Ortiz de Zarate soinu teknikariak osatu dute lana.

https://youtu.be/ILq-2cDDsPg

Bestalde, horrelako bazkari bereziek postre espeziala eskatzen dutela pentsatzen dute antolatzaileek. Horregatik azaroaren 30ean jaialdia egingo da Hernaniko Orona Auditoriumean eta bertan Bizilagunak ekimenean parte hartuko duten familia guztiek elkartzeko aukera izango dute. Eta festari amaiera emateko, musika eta jai giroa izango dira nagusi.