BNI Armagin taldearen aurkezpen ekitaldia hartuko du Astelena frontoiak eguenean

BNI Armagin taldearen aurkezpen ekitaldia hartuko du Astelena frontoiak eguenean
2016/10/25 eta kitto!
Gaur goizean Alberto Albistegi Garapen  Ekonomiko, Enplegu eta Berrikuntza zinegotziak, Idurre Albizu BNI Armagin taldearen koordinatzaileak eta Jose Antonio Cano zuzendari exekutiboak eman duten prentsaurrekoan, eguenean egingo den BNI Armagin taldearen aurkezpen ekitaldiaren berri eman dute. Azaldu dutenez, "orain dela urtebete hasi ginen taldea eratzeko lehen pausoak ematen eta, 32 kiderekin BNI Armagin taldea eratzea lortu eta gero, orain taldea ezagutzera emateko ekitaldia antolatu dugu eguenerako, goizeko 06:45ean Astelena frontoian". Taldeko kideek oso profil anitza dutela gaineratu dute, "era guztietako enpresak ordezkatzen dituzte. Azken batean, negozio eta enpresa eredu guztientzat tokia dago".
BNI erreferentzia-marketing programa da, "konfidantzan eta konpromisoan" oinarritutakoa. Diotenez, "pertsonen arteko harremanak enpresa mundura eraman nahi ditugu, horrela kideen arteko harreman sarea sortu eta, horren bidez, etekinak handitzea lortzeko". Aste honetako ekitaldiari "ospakizun kutsua" eman nahi diote, "horrela proiektua ezagutzera eman eta hedatzeko aukera izateko. Izan ere, oraindik 18 toki dauzkagu betetzeke". Egueneko ekitaldiaren harira, taldeko kideek euren kontaktu-agendako "konfidantzazko pertsonei" gonbidapenak bidali dizkiete eta asmoa 200/300 lagun elkartzea dela esan dute.

bni-armagin-1