Bueltan da Sofia Machin abeslariaren musika-proiektua

Bueltan da Sofia Machin abeslariaren musika-proiektua
2021/01/14 eta kitto!
Orain dela pare bat urte musika-proiektu bati ekin zion Sofia Machin eibartarrak Leioako Publizitate Fakultatean ezagututako Ander Lopez ikaskidearekin batera. Pandemiaren eraginez ia urtebetez proiektua geldi izan du bikote abeslariak. 2021.urtean berriro ere musikari heldu eta martxan jarri dira burubelarri lanean.

Zer da egiten duzuena? Nola hartu zenuten proiektua abian jartzeko erabakia?

2018. urtean ekin genion musika-proiektu honi. Ander eta biok unibertsitateko lagunak ginen, eta hobby-a partekatzen genuen: musika. Behin elkartu eta abesten hasi ginen, eta ikusita emaitzak itxura ona zuela, Youtubeko kanala sortu eta edukia igotzen hastea erabaki genuen. Ez zen aurrez pentsatutako erabakia izan; nahiko espontaneoa izan zen.

Argitaratzen duzuen edukia oso landuta dagoela antzematen da. Lan handia egongo da guzti horren atzean…

Ez dugu landu gabeko edukirik igotzen. Argitaratzen den guztiaren atzean lan eta ahalegin handia dago: abestien aukeraketa, lanketa, grabaketa... Entsegu kontuak honela antolatzen ditugu: audioaren lanketa eta grabaketa Bilbon egiten dugu, eta irudi eta argazki arloa, ordea, Eibarren. Gustatzen zaiguna egiten dugunez, esaerak dioen bezala “gogoko tokian aldaparik ez”.

image00007

Zergatik izan duzue geldi proiektua hilabete batzuetan? Zer dela eta erabaki duzue berriro hastea?

Ander Bilbokoa denez eta ni eibartarra, pandemiaren eraginez ezin izan gara elkartu grabaketak egiteko; beraz, pandemiak iraun bitartean geldialdia egin behar izan dugu ezinbestean. Hasieran bideodei bitartez lan egitea erabaki genuen, baina, emaitza ikusita, nahiago izan genuen elkartzeko aukera izan arte itxarotea.

72.000 jarraitzaile baino gehiago dituzue Youtuben. 8.000 baino entzule gehiago Spotifyn eta 4.000 jarraitzailetik gora Instagramen. Ez dira gutxi. Nola lortu duzue hain denbora laburrean hainbeste jarraitzaile izatea?

Guk beti esaten dugu arrakasta lortzeko gakoa konstantzia dela; astero-astero abesti bat argitaratzeko konpromisoa hartu genuen, eta horrela bete genuen gure hitza. Jarraikortasun hori izan zen jendea gure abestietara engantxatu zuena, eta horrek mantentzen zituen gure entzuleak domekero gure bideo berriaren zain.

Nolako harrera izan duzue bigarren saiakera honetan?

Egia da kriston beherakada igarri dugula gure entzule-kopuruan, baina guztiz ulergarria da. Azken batean, ia urtebetez ez dugu edukirik igo, eta jarraitzaileak galtzea normala da. Hala ere, pozik gaude bigarren saiakera honetan izandako harrerarekin, jendeak jarrera positiboa erakutsi du gure itzuleran.

Zein aurreikuspen dituzue zuen proiektuarekin hemendik aurrera?

Gure helburua lehengo ohiturei eustea eta asteroko edukia argitaratzea da; hasteko, orain arte bezala. Baina, etorkizun hurbilean, nork daki! Ez dugu baztertzen abesti propioak egitea, ezta gutxiagorik ere. Gure egitasmoen barruan guk sortutako edukia argitaratzea ere sartzen da, noski.

image00003