Debabarrena mailako galdeketa aurkeztu du Gure Esku Dagok

Debabarrena mailako galdeketa aurkeztu du Gure Esku Dagok
2017/01/23 eta kitto!
Maiatzaren 7an Debabarrenean egingo den herri galdeketa aurkeztu zuen zapatuan Gure Esku Dago ekimenak Portalean. Ekitaldian ekimeneko arduradunek esandakoaren arabera, “herri galdeketa prozesua antolatzeak beharra eta konpromisoa ere eskatzen ditu, bidea denon artean adostu behar dugulako eta horrela denak prozesuaren parte sentitu ahal izateko”. Hiru fase nagusi zehaztu dituzte: “Ehundu” izenekoaren barruan, sinadurak bildu nahi dituzte, “herritarren borondatea eta babesa batzeko”. Galdeketak zilegitasuna izateko, Debabarrenean gutxienez 4.400 sinadura lortu beharko dituzte eta horretan dihardute. Eibarren eguen eta barixakuetan joan daiteke Deporrera sinatzera, 19:30etik 20:30era eta, bestela, Arrate Kultur Elkartean astero egiten duten bilerara ere joan daiteke (martitzenetan 19:00etan). Epea otsailaren 17an amaituko da; bigarren fase batean, galdera denon artean adosteko prozesuei ekingo diete herririk herri; eta hirugarren fase batean erabakitzeko tartea zabalduko da. Asmo horrekin egingo da maiatzaren 7ko ekitaldia, 16 urtetik gorako 46.500 herritarrei hitza emateko. Jarraian, agerraldian irakurri zuten adierazpena osorik daukazue:

ged 1

GED ADIERAZPENA 2017/01/21


MAIATZAREN 7an DEBABARRENAN ERABAKIKO DUGU!


Gaur hemen, Itziar, Mutriku, Deba, Elgoibar, Soraluze eta Eibarko herritarrak batu gara.

Gure aurretik herri galdeketak egin dituztenen lekukoa hartu, eta erabakitzeko bidea egin behar dugu.

Guri dagokigu orain, gure herrietan, milaka herritarrek hitza hartzea. Eskubidea errealitatea bihurtzea.

Azken urteetan, Gure Esku Dago herri ekimena lanean ibili da buru-belarri erabakitzeko eskubidea gauzatu ahal izateko.

Denon gogoan dago, 2014ko ekainaren 8an burutu genuen giza kate erraldoia eta Debabarrenako milaka herritarrok, dozenaka autobusetan, sortu genituen ilara luzeak. 2015ean ere, erabakiak ehunduz, Euskal Herriko estadioak betetzeko erronkari heldu genion milaka oihal josiz.

Eta, 2016ko ekainean landutako herri adierazpenetatik abiatuta, herri galdeketaren olatura igo gara.

Ez dago atzera bueltarik, olatu gainean gaude jada, Debabarrenako ia herri guztietara erabakitzeko eskubidearen ilusioa eta gogoa zabaltzera gatoz.

Gure Esku Dago Debabarrena herri ekimena abian da jada. Euskal Herriko beste herri askotan egin den bezala, guk ere, herritarron borondatea era demokratikoan gauzatzeko tresna jarri nahi dugu guztion eskura.

Herritarrak ahaldunduz, prozesua bera gauzatuz, erabakia eraikiz ezberdinen artean, elkarlanean.

Baina, herri galdeketa prozesua antolatzeak lana eta konpromisoa ere eskatzen ditu.

Gure herrietan lehen urratsak egiten hasi gara dagoeneko, baina ez hori bakarrik, azken hilabeteetan, dinamika parte hartzaile jendetsuak egin ditugu denon artean galdeketa egunera eramango gaitun ibilbidea marrazteko.

Bidea denon artean adostu behar dugulako, denok sentitu behar dugu prozesuaren parte.

Hiru fase nagusi zehaztu ditugu:

EHUNDU: Sinadura bilketaren bitartez, ehundu herritarron borondatea eta babesa batu nahi ditugu.

Galdeketari zilegitasuna emateko, gutxienez, 4.400 sinadura lortu behar ditugu Debabarrenan.

ADOSTU: Galdera denon artean adostu, herririk herri galdera adosteko prozesuak abian jarriz.

ERABAKI: 2017ko maiatzaren 7an, 16 urtetik gorako 46.500 herritarrei hitza eman nahi diegu.

Beraz, herritarren gehiengoaren parte hartzea bermatzea izango da gure erronka nagusia.

Ez gara lehenengoak, gure aurretik, beste herri batzuk egin dute galdeketa, eta horrexegatik, badakigu bidea ez dela erraza.

Lan handia dugu egiteko, sinadurak batu, herritarrak sentsibilizatu, ekitaldiak antolatu, dirua lortu, galdera adostu, parte hartzea bermatu, begiraleak ekarri... baina, batez ere, maiatzaren 7an 46.500 herritarrek botoa ematea lortu.

Eta gaur hemen konpromiso horixe hartuko dugu, Debabarrenako bizilagunei herrietan adostutako galderak egitea.

Maiatzaren 7an, denon hitza aintzat harturik, herririk herri erabakiko dugu.

Lanerako gogoa eta ilusioa baditugu erronka eder honi erantzuteko, eta lehenengo urratsa egin dugu gaur hemen batu garen Debabarrenako herritarrok.

Bakoitzaren pentsaera, jatorria, kolorea, sentsibilitatea errespetatuta, bat egin dugu Gure Esku Dago Debabarrena ekimena martxan jartzeko.

Gure Esku Dago ekimena zabalik dago. Herritar guztientzat zabalik. Denon beharra dago. Inor ez dago soberan. Denok elkarrekin, ametsak egia bihurtuko dugu.

GUREA DA HITZA ETA ERABAKIA! DEBABARRENAN ERE ERABAKI EGINGO DUGU!