Debabarreneko ESIk lau zentrutan emango du lehen mailako arreta bihartik aurrera

Debabarreneko ESIk lau zentrutan emango du lehen mailako arreta bihartik aurrera
2020/03/29 eta kitto!
Osakidetzak jakinarazi duenez, COVID-19aren eraginez osasun zerbitzuetan bizitzen ari diren ezohiko egoerara moldatzeko hainbat aldaketa egin behar izan dituzte eta, bihartik aurrera, Debabarreneko ESIk ematen duen lehen mailako arreta lau zentrutan (Eibar Ospitalean, Eibarko anbulatorioan, Elgoibarko osasun zentruan eta Debakoan) kontzentratuko dute:

  • Eibar Ospitalean arnas patologia duten gaixoei eskainiko zaie arreta.

  • Eta Eibarko anbulatorioan, berriz, arnas patologiarik EZ duten gaixoak atendituko dituzte.
    Batean zein bestean Eibar, Ermua eta Mallabiko biztanleak atendituko dituzte, 08:00etatik 17:00etara.

  • Debako osasundegian (zona espezifikoetan), arnas patologiarik EZ duten gaixoak eta arnas patologia dutenak. Deba, Mutriku eta Itziarko biztanleak atendituko dituzte, 08:00etatik 17:00etara.

  • Eta, Elgoibarren ere, arnas patologiarik EZ duten gaixoei zein arnas patologia dutenei emango zaie zerbitzua. Mendaro, Soraluze eta Elgoibarko biztanleak atendituko dituzte, 08:00etatik 17:00etara.


irazabal

Koronabirusarekin kutsatu diren gaixoen kopuruak egunetik egunera gora egiten jarraitzen du eta, hori dela eta, osasun zentruetako sendagile, erizain eta beste behargin guztiak lanez gainezka daude. Larrialdi egoeran daudela eta, programatutako kontsultetara ez joateko eskatu zieten eguenean ESIa osatzen duten zentruetako pazienteei (Mendaroko eta Eibarko Ospitaleetakoei eta osasun-zentruetakoei), medikuak berak kontsultara joateko agindu ezean (txanda hartuta dutenei medikuak deituko die, kontsultara joan ala ez esateko).

Gaur egungo egoerak hobera egin arte, ARRETA EZ PRESENTZIALA ematen jarraituko dute, etxetik irtetzeko premiarik ez izateko eta herritarrak ahalik eta gutxien mugiarazteko.
Arreta ez presentziala eskaintzeko Call Centre bat ipini dute martxan: bakoitzak bere ohiko osasun zentrura deitu beharko du eta, Call Centre horren bitartez, berarentzat egokienak diren zerbitzu eta baliabideetara bideratuko dute. Asteko zazpi egunetan emango du arreta, 08:00etatik 00:00etara.

Jarraian dauzkazue lau osasun zentruetako helbide eta telefono zenbakiak.
- Eibar Ospitalea (Otaola, 6-8).
Telefonoa: 943032650
Eibarko anbulatorioa (T. Etxebarria, 29)
Telefonoa: 943032500
Elgoibarko Osasun Zentrua (B. Ezenarro, 13)
Telefonoa: 943032610
Debako Osasun Zentrua (Bastinuixa, 1)
Telefonoa: 943192424