Debabarreneko Gure Esku Dago-k herritarrei dei egin nahi die maiatzaren 7an bozkatzera joan daitezen

Debabarreneko Gure Esku Dago-k herritarrei dei egin nahi die maiatzaren 7an bozkatzera joan daitezen
2017/04/24 eta kitto!
Maiatzaren 7rako deituta dagoen herri galdeketaren harira zapatuan Txaltxa Zelaian agerraldia egin zuen Debabarreneko Gure Esku Dagok. Adierazitakoaren arabera, “Itziar, Mutriku, Deba, Elgoibar, Soraluze eta Eibarko herritarrak batu gara gaur hemen. Urtarrilaren 21ean Portalean egindako adierazpenean, gure aurretik herri galdeketak egin dituztenen lekukoa hartu genuela eta erabakitzeko bidea egin behar genuela aipatu genuen. Azken lau hilabete hauetan, Debabarrena eskualdean txindurri lana egin eta galdeketak burutu ahal izateko baldintzak sortzen joan gara. Orain dela gutxi ezinezkoa zirudiena, herritar askoren ekimenari esker, errealitate bihurtu dugu. Eta guri, Debabarreneko biztanleoi dagokigu hitza hartzea orain. Urrats garrantzitsua egingo dugu maiatzaren 7an, eta horretara ailegatzeko azken hilabeteotan partehartze dinamikak garatu ditugu galdera egunera eramango gaituen ibilbidea marrazteko. Bidea denon artean adostu behar dugulako, denok sentitu behar gara prozesuaren parte. Eta, horretarako, hiru fase nahusi zehaztu genituen urtarrileko adierazpenean. Lehenengoa, EHUNDU: sinadura bilketaren bitartez herritarron babesa jaso eta ehundu nahi izan dugu”.

Sinadura bilketari buruzko datuak eman zituzten jarraian: “Galdeketa legez egin ahal izateko, Debabarrenean gutxienez 3.513 sinadura lortu behar genituen. Eta, zorionez, aise gaindituko dugu langa hori, guztira 6.011 sinadura batu baitira eskualdean: 1.902 Eibarren, 1.802 Elgoibarren, 775 Mutrikun, 687 Deban, 622 Soraluzen eta 223 Itziarren. Jasotako sinadurak berme guztiekin egin dira eta, notaritzara eraman ostean, guztiak suntsitu dira”.

Bigarren fasean, herri bakoitzean zein galdera egin ADOSTU da, herritarren partehartzearekin:

Eibar: Euskal errepublika bateko herritarra izan nahi duzu?

Elgoibar: 1.- Nahi duzu gaur egungo estatus politikoa aldatzea? 2.- Nahi al duzu euskal estatu independentea?

Mutriku: Nahi al duzu Euskal Herri independente bateko herritarra izan?

Deba: 1.- Nahi duzu gaur egungo estatus politikoa aldatzea? 2.- Nahi al duzu euskal estatu independentea?

Soraluze: Nahi al duzu Euskal Herri independente bateko herritarra izan?

Itziar: Euskal Herri independente bat nahi duzu?

Galderak adostuta, hirugarren fasean ERABAKI egin behar da eta, horretarako, 2017ko maiatzaren 7an, 16 urtetik gorako 47.152 Debabarreneko herritarrei hitza emango zaie. Esandakoari jarraituta, “beraz, hemendik aurrera Gure Esku Dago taldeon erronka nagusia maiatzaren 7an ahalik eta herritar gehienen parte hartzea lortzeko sustapen lana egitea da. Inor ez dadila etxean geratu, denon artean zirriborratu dezagun herri honen egituraketa politikoa nolakoa nahi dugun. Gaur hemen konpromiso hori hartuko dugu, Debabarreneko bizilagunei herrietan adostutako galderei erantzun diezaten hautesontziak eskura jartzea. Erabakitzeko eskubidea herritarrona delako. Zentzu horretan, datorren apirilaren 27an, arratsaldeko 7etan, erabakitzeko eskubidearen gainean oso mahainguru berezia antolatu dugu Armeria Eskolako areto nagusian. Bertan Juan Jose Ibarretxek (lehendakaria), Garbiñe Biurrunek (epailea) eta Mario Zubiagak (EHUko irakaslea eta GED kidea) hartuko dute parte. Moderatzailea Jon Telleria kazetaria izango da”.

GED hitzaldi

AURRETIAZKO BOZKA GAURTIK AURRERA

Horrekin batera, maiatzaren 7an bozkatzeko aukerarik ez dutenentzat aurretiazko bozka zabalduko dute gaur bertan Arrate Kultur Elkarteko erakusgelan (Zuloagatarren, 3). Jarraian dauzkazue aurrez bozka emateko egun eta orduak:

- Apirilak 24, 25 26, 27, 28 eta 29. Maiatzak: 2, 3, 4 eta 5.


- Astelehenetik ostegunera, 19:00etatik 21:00etara. Ostiralak eta larunbatak: 19:00etatik 21:30era. 


gure esku dago14