Dena prest dago asteburu honetan San Kristobalgo jaiak ospatzeko

Dena prest dago asteburu honetan San Kristobalgo jaiak ospatzeko
2019/07/08 eta kitto!
Aurreko barixakuan aurkeztu zuten aurtengo San Kristobalgo jaietarako prestatu duten egitaraua La Rampa San Kristobalgo Jai Batzordeko kideek, alkatearekin eta udal talde guztietako ordezkariekin batera Otarra elkartean egin zen ekitaldian. Antolatzaileen berbetan, “aurtengo egitarauak azken urteotakoei jarraitzen die, gutxi gorabehera. Izan ere, antolatzen ditugun jarduerek oso harrera ona izaten dute beti eta jendeak pozik hartzen du parte. Igel-toka txapelketaren inguruan, adibidez, 76 lagun elkartzen dira eta herri-afarian, batez beste, 150 bat lagun. Umeentzat prestatzen ditugun jarduerek ere arrakasta handia izaten dute, gauza bera gertatzen da paella txapelketarekin…”.

Egingo diren jarduerei begira, berritasun nabarmenena kontzertuen eskutik etorriko da: barixaku gauean “40 años de rock & roll” bira egiten ari den Ramoncinek jardungo du eta zapatuan, berriz, Drindots taldearen eskutik egingo den berbenarekin tartekatuta, Andrea Garcia eibartar gazteak emanaldia eskainiko du. Antolatzaileen berbetan, “askorentzat telebistari esker ezaguna den abeslaria hasiberria da eta, ahal dugun neurrian, beti da pozgarria ekin duen musikagintzaren bidean laguntzea”. Agurtu baino lehen, jaiak antolatu ahal izateko jasotzen duten laguntza guztia eskertu zuten, “bereziki 15 urtez gurekin elkarlanean diharduen Lambretta Klubari eta aurten jaiei babes berezia ematera animatu den BOJ enpresari”. EGITARAU OSOA JARRAIAN DAUKAZUE:


SAN KRISTOBALGO JAIAK 2019


 

  • Uztailak 11, eguena


19:00: Futbolin txapelketa. Erromes tabernan.

22:00: Igel-toka txapelketa, Xania tabernan.

 

  • Uztailak 12, barixakua


19:00: Txupinazoa. Jaien hasiera.

19:15: Kalejira, Orkrestarekin.

19:30: Haurrentzako jolasak, Fray Martin Malleako parkean. Dardo txapelketa (16 urtetik beherakoentzat). Tortilla, txorizoa, urdaiazpikoa eta gazta; auzoko tabernetan eta jai batzordearen barretan.

23:15: Kontzertua: Ramoncin, “40 años de rock & roll”.

 

  • Uztailak 13, zapatua


10:30: Marrazki lehiaketa, haurrentzat. Partehartzaile guztientzako opariak eta sariak irabazlearentzat.

11:30: Haurrentzako Molto motorren konzentrazio-lasterketa. Partehartzaile guztientzako opariak eta sariak irabazlearentzat.

12:15: Sandiada herrikoa, Aizarnako parkean.

12:30: Desfilea-aurkezpena: Lambretta motorren XVI. igoera San Kristobalera. Hamaiketakoa partehartzaileentzat. Lambretta motorren erakusketa San Kristobalgo plazan.

12:45: Triki poteoa.

18:00: Igel-toka txapelketa (16 urtetik beherakoentzat).

19:00: Dardo txapelketa, nagusientzat, San Kristobalgo plazan.

19:00: Callejonada, Mariachi Dominguezekin.

21:00: Herri-afaria, plazoletan.

23:00: Berbena, Drindots taldearekin.

23:30: Kontzertua: Andrea Garcia.

00:00: Berbena, Drindots taldearekin.

02:30: Txokolate-jana, musutruk.

 

  • Uztailak 14, domeka


11:00: Ohe elastikoak eta tirolina, Fray Martin Malleako parkean.

12:00: Hildakoen aldeko meza.

12:30: Paella txapelketa, plazoletan.

13:00: Triki poteoa.

13:30: Luntxa, plazan agertzen diren guztientzat.

13:45: Txapelketaren amaiera. Segidan sariak banatuko dira.

17:30: Freskagarri eta goxokien banaketa, haurrentzat.

18:00: Zezentxo eta pony-ak, Gorixoren eskutik.

19:00: Haurren marrazki lehiaketan eta jolas ezberdinetan parte hartu dutenei sariak banatzea.

19:30: DJ Araba festa.

20:30: Errifaren zozketa.

22:00: Jaien amaierako traka.