Denda txikietan joera digitalak aztertzeko jardunaldia antolatu du Udalak biharko

Denda txikietan joera digitalak aztertzeko jardunaldia antolatu du Udalak biharko
2019/02/27 eta kitto!
Eibarko Udalak, Ekonomia Garapen, Enplegu eta Berrikuntza sailaren bidez, retail jardunaldi bat antolatu du txikizkako saltokientzat. Bihar (otsailaren 28an) izango da, Portalean, 11:45etik 16:30era, eta interesa duten komertzio guztientzat dago zabalik. Ekimenak salerosketa modu berriak ezagutu eta gaiaren inguruko gogoeta egiteko aukera emango die dendariei. Jardunaldian sareetako kontsumo-ohitura berriak zeintzuk diren, etorkizuneko denda nolakoa izango den, erosketen integrazioa sare sozialetan nola egiten den,  merkataritza elektronikoaren estrategia berriak eta erosketa adimentsuen esperientziak zeintzuk diren aztertuko dituzte, besteak beste. Gainera, jardunaldira joaten diren saltokiek tailer batean parte hartuko dute taldean, eta Eibarren Retail negozio berri bat irekitzeko simulakro bat egingo dute, gaur egungo ingurunea kontuan hartuta eta hemendik 5 urtera begira.

Etortech Strategy Consultants enpresako Ander Iñarrairaegik eta Kendu Store Visual Solutions-eko marketing-zuzendariak garatu eta koordinatuko dute jardunaldia. Jardunaldia antolatzeko, Eibarko Udalak Eibar Merkataritza Gune Irekiaren lankidetza laguntza izan du.

Jardunaldian parte hartzeko, Ekonomia Garapen, Enplegu eta Berrikuntza sailean eman beharko da izena, 943708451 telefonora deituta edo emaila ekonomia@eibar.eus helbidera idatzita. Era berean, izena eman daiteke empleo@fmg.es helbidean edo 943206669 telefonora deituta, Iñaki Etxanizengatik galdetuta.