Digitalizazio eta robotikari buruzko saioa antolatu du biharko Eibarko EAJ-PNVren Uri Buru Batzarrak

Digitalizazio eta robotikari buruzko saioa antolatu du biharko Eibarko EAJ-PNVren Uri Buru Batzarrak
2017/06/13 eta kitto!
EAJ-PNVk Eibarko 3. Foro Ekonomikoa antolatu du biharko, 19:00etan Armeria Eskolan (Ikasle Ohien Elkartearen egoitzan). Saioan jorratuko den gaia digitalizazioa izango da eta, horretarako, Julián Flórez (Vicomtech-IK4ren zuzendari nagusia), Alex Arriola (SPRIren zuzendari nagusia) eta Aitor Cobanera (SPRIren Teknologia eta Berrikuntza ataleko zuzendari nagusia) gonbidatu dituzte. Eurekin batera Eduardo Zubiaurre UBBren presidenteak ere jardungo du.

Eibarko EAJ-PNVren Uri Buru Batzarrak hirugarrenez antolatu duen Foro Ekonomikoan digitalizazioa eta robotika izango dituzte aztergai, “hiri armaginaren hazkunde-aukera gisa”. Izan ere, ekitaldiaren helburua “enplegu gehiago eta hobea sortzeko Eibarren etorkizuneko aukerak aztertzea” da. Jeltzaleek aspalditik dihardute aldarrikatzen tokiko jarduera ekonomikoek bere lekua bilatu beharra daukatela eszenatoki teknologiko berrian, eta horretarako hiru erronka proposatu dituzte, Eibarko Plan Estrategikoaren eskutik: bizirik dirauen enpresa-ehuna indartzea, bailara-ekosistema bultzatzea eta benetako sustapena egitea Zientzia, Berrikuntza eta Ezagutzaren Hiriari. Gogorarazi dutenez, “Euzko Alderdi Jeltzaleak neurri andana aurkeztu ditu 2015-2017 agintaldi erdian, ekintzaileekin kolaboratzeko, bertako industriaren erronka teknologikoak laguntzeko, Bic Berrilanen enpresa-inkubagailua eraikitzea, edo enplegugarritasunerako plana abiatzea”. Digitalizazioak gero eta aplikazio gehiago izango dituela ikusita horren aldeko apustu indartsua egitea ezinbestekotzat jotzen dute jeltzaleek, hortik biharko ekitaldiarentzat aukeratutako gaia hori izatea. Ekitaldia herritar guztiei irekia izango da.