Domekan jokatuko da 48. Valenciaga Oroitzarrea

Domekan jokatuko da 48. Valenciaga Oroitzarrea
2019/04/06 eta kitto!
Afizionatuen mailako estatuko lasterketa garrantzitsuena eredugarria izan zen iaz 47. edizioa bertan behera laga behar izan zenean ere. Hori aipatu zuten martitzenean Eibarko udaletxean egindako aurkezpenean hitz egin zuten instituzio guztietako ordezkariek, horrelako egoera baten aurrean zaletuek zelan erantzun zuten goraipatuta. Garailerik izango ez zuen tropelaren zain egon zelako jendea helmugan, txirrindularien lana txalotzeko. Domekan gozatzeko aukera berria egongo da.
Lasterketa goizeko 09:00etan hasiko da, martxa neutralizatuan Untzagatik Azitaineraino jaitsi eta bertatik abiatzeko. 12:20/12:30 bitartean txirrindulariak Azitainetik sartuko dira Eibarren lehenengo aldiz, bariantetik Ixua gainaren bila, eta 13:10/13:20 bitartean, berriz ere Azitainetik, Toribio Etxebarrian kokatutako helmuga bilatuko dute.
Lasterketak guztira 167 kilometro eta erdi izango ditu eta lau ordutik gora beharko du irabazleak helmugaratzeko. Sei mendate gainditu beharko dituzte: 1. mailako Ixua, 2. mailako Azkarate eta Elgeta, eta 3. mailako Itziar, Meaga eta San Miguel.
25 taldek hartuko dute parte, bakoitzak zazpi txirrindularirekin; hau da, 175 kirolarik osatuko dute Valenciaga Oroitzarrearen 48. Edizioak izango duen parte-hartzea. Lizarte eta Caja Rural – Seguros RGA aurreikusten dira talde indartsuenak bezala.

perfila

Antolatzaileek aurkezpenean azaldu zutenez, hainbat berritasun gehitu dizkiote probari, guztiak ere txirrindularien mesederako: horrela, oharterazle optiko-akustikoak jarriko dituzte ibilbidean, azken hiru mendateetako igoerak eta jaitsierak Youtuben kontsultatu daitezke... 30 motor jarriko dituzte lotura-lanak egiteko eta hiru anbulantzia, euretako bat medikalizatuta, ibiliko dira lasterketan.
Valenciaga Oroitzarreak palmares handia du 1972an Jose Luis Viejok lehenego edizioa irabazi zuenetik. Yañez (1973), Martinez-Heredia (1975), Suarez Cuevas (1976), Julian Gorospe (1981), Jokin Mujika (1982 eta 83), Murgialdai (1985), Garmendia (1987), Rubiera (1994), Unai Osa (1996), Freire (1997), Joaquim Rodriguez (2000) eta Mikel Nieve (2007) dira proba irabazi dutenetako batzuk, guztiak ere gero profesionaletan maila eman zutenak, Freireren kasuan munduko txapeldun izateraino.