Domekara arte egongo da martxan Garagardo Jaia Untzagako karpan

Domekara arte egongo da martxan Garagardo Jaia Untzagako karpan
2018/06/13 eta kitto!
Atzo arratsaldean inauguratu zuten Untzagako karpan Eibar Rugby Taldeak urtero antolatzen duen Garagardo Jaia. Karpako ateak jende guztiarentzat zabaldu aurretik, antolatzaileek aurtengo omenduei errekonozimendua egin zieten, aurreskua eskainita eta oroigarri bana oparituta. Garagardo Jaiak 16 urte betetzen dituen honetan Multikirola egitasmoaren sustatzaileak eta Espainiako Selekzioarekin jokatzeko deitu duten Amaiur Mayo, nesken taldeko jokalaria omendu dituzte antolatzaileek.

Multikirola egitasmoko sustatzaileei eskerrak eman zizkieten, rugbia umeei gerturatzeko egiten duten lanarengatik. Multikirola egitasmoko sustatzaileei eskerrak eman zizkieten, rugbia umeei gerturatzeko egiten duten lanarengatik.

Amaiur Mayo nesken taldeko jokalariak lana zuen eta, bere ordez, taldekide batek hartu zuen oroigarria.

Garagardo Jaia domekara arte egongo da martxan, eguen eta barixakuan 19:00etatik gauerdira arte, zapatuan 13:00etik gauerdira arte eta domekan 11:30etik 23:00era. Aurreko edizioetan egindakoaren bidetik, garagardo ezberdinak edateko aukera egongo da eta jateko, berriz, saltxitxak, txerri-ukondoa, brotxetak eta aurtengo berritasuna, barazki-biribilkiak eskainiko dituzte. Horrekin batera, karpa girotzeko hainbat jarduera antolatu dituzte: eguenean, 20:15etik 23:00etara, Eirband taldearen zuzeneko emanaldia egingo da karpan; barixakuan, berriz, 22:00etatik 23:30era Parrapas taldeak kontzertua emango du; zapatuan, Unben Eibar eta Ordiziako beteranoen arteko partida jokatu eta gero, hirugarren denbora karpan egingo dute; eta domekan Marcan Huella eta Katubeltz animalien aldeko elkarteekin batera, hainbat ekitaldirekin osatutako jardunaldia hartuko du karpak.