Egitarau zabalarekin gogoratuko da II. Errepublikaren 85. urteurrena

Egitarau zabalarekin gogoratuko da II. Errepublikaren 85. urteurrena
2016/04/06 eta kitto!
Apirilaren 14an II. Errepublika Eibarren beste inon baino lehen aldarrikatu zela 85 urte beteko dira eta, hori gogoratzeko, udalak hilabete osoa beteko duen egitaraua prestatu du. Horren berri emateko prentsaurrekoan azaldutakoaren arabera, aurtengo egitarauaren ardatz edo gai nagusia “Errepublika eta andrak” izango da: "Emakumeek parte-hartze zuzena izan zuten Errepublikan eta sasoi hartan hainbat eskubide eskuratu zituztela gogora ekarri nahi dugu". Boto eskubidea izan zen horietako bat eta hori irudikatzen duen Indalezio Ojangurenen argazkiak, Euskal Estatutuaren plebiszitua zela-eta 1933ko azaroaren 5ean egindakoak, garrantzi berezia izango du datozen egunotarako prestatu duten egitarauaren barruan. Izan ere, Aginagako baserritar batzuk udaletxean botoa ematen erakusten duen erretratua "sufragio unibertsalaren eta emakumeen bozkatzeko eskubidearen ikur" bihurtu dela azaldu dute aurkezpenean.
Hori dela eta, argazkiaren inguruko jarduerekin batera, bestelako ekintza ugari izango dira apirilean. Juan San Martin liburutegiak "Andrak eta Errepublika" izenburuko interesgunea eta irakurketa gida bilduko ditu apirilaren 30era arte, sasoi hartan garrantzi handia izan zuten Clara Campoamor, Margarita Nelken, Mercè Rodoreda, María Moliner, Zenobia Camprubí, Dolores Ibarruri eta beste batzuk gogoratzeko.

Bisita gidatuak

Apirilaren 11tik 29ra bitartean, "Argazki baten istorioa" izenburuari jarraituta Indalezio Ojangurenen argazkiaren inguruko bisita gidatuak eskainiko dituzte udaletxean, "bereziki DBHko ikasleentzat". Bisita guztiak Nerea Alustiza historialariak gidatuko ditu: "Bisita bakoitzean, udaletxearen aurrean Eibarren II. Errepublika nola aldarrikatu zen azalduko da. Horrekin batera, argazkiaren erreprodukzioarekin 'photocalla' egingo da udaletxeko patioan eta udaletxeko balkoia bisitatzeko aukera izango da". Bisitak 40 minutuko iraupena izango du eta izen-ematea apirilaren 22ra arte egin daiteke, 943708435 zenbakira deituta edota kultura@eibar.eus helbidera idatzita.
Bestalde, Garbiñe Biurrun epaileak "Emakumea, Eskubideak eta II. Errepublika" hitzaldia eskainiko du apirilaren 11n, 19:30ean, Portalean. Hurrengo egunean (martitzenean, apirilak 12an) Ego Ibarra batzordeak argitara eman duen Santiago Arizmendiarrietaren "Mis memorias. La guerra civil española: 20 meses prisionero" liburua aurkeztuko dute udaletxean, 19:30ean.
Apirilaren 13an, berriz, Portaleak "Biblioteca en guerra", Maria Moliner eta misio pedagogikoen inguruko Liburutegi Nazionalaren dokumentalaren proiekzioa hartuko du, 19:00etan hasita.

Ibilbide historikoa

Programazioaren barruan Jesus Gutierrez historialariak gidatuta lau zapatutan (apirilaren 16an, 23an, 30ean eta maiatzaren 7an) "II. Errepublikaren Eibar" izenburuko ibilbide historikoa eskainiko dute. Saio bakoitzak hiru ordu iraungo ditu eta, 20 bat laguneko taldeak, Untzagatik abiatuta, Errepublika sasoiko tokirik esanguratsuenak bisitatuko ditu. Interesatuek apirilaren 12ra arte eman dezakete izena, 943708435 telefono zenbakira deituta edota kultura@eibar.eus helbidera idatzita.
Eta, egitaraua biribiltzeko, Tanttakak "El Florido Pensil - Neskak" taularatuko du Coliseoan, apirilaren 21ean, 20:30ean. Sarrerak 10 eurotan egongo dira salgai.

imageimageimageimageimageimage