Eguazten goizean zabalduko dute Beherapenen Azoka, Toribio Etxebarria kalean

Eguazten goizean zabalduko dute Beherapenen Azoka, Toribio Etxebarria kalean
2016/02/16 eta kitto!
Eibar Merkataritza Gune Irekiak antolatuta, bihartik barixakura bitartean Beherapenen Azokaren beste edizio bat izango da aire libreko merkatalgune bihurtuko den Toribio Etxebarria kalean. Hiru egun horietan (17, 18 eta 19an) 24 dendek euren produktuak eskainiko dituzte karpa azpian egongo diren standetan; lauk, dena dela, kale horretako euren dendetatik hartuko dute parte azokan, karpetatik kanpo. Aixa, Burbujas y Más, Casamanía, Cedry, De Capricho, El Corte Inglés, Farmalur, Gratzina, Guby Chicos, Guby Mujer, Ikusimakusi, Kolorete, Kopiña, Lide, Marsi, No Comment, Nona, Ttiki, Txukuna eta Xare dira aipatutako dendok; eta euren establezimenduetatik jardungo dute Askasibar, Corral, Igmar eta Viecok. Parte hartuko duten denda horiek arropa, moda, dekorazioa, lentzeria, oinetakoak, makilajea, kirolak, optika edo parafarmazia arloetako produktuak eskainiko dituzte eta, horrez gain, ...eta kitto!-k ere bere stand-a izango du.
Eguaztenean goizeko 10:00etan zabalduko da azoka, herriko agintariak eta Eibar Merkatalgune Irekiko arduradunak bertan direla. Azken erakunde horretako partaide dira Eibarko Merkatarien Elkartea, Gipuzkoako Ostalaritzako Enpresarien Elkartea, El Corte Inglés, Gipuzkoako Merkatal Federazioa eta Eibarko Udala. Bestalde, aipatutako hiru egunotan dendek hamar ordu jarraian hartuko dituzte erosleak, goizeko 10:00etan hasi eta arratsaldeko 20:00ak arte, tarte horretan itxi barik. Ekitaldi horrek Eibarko Udalaren eta Eusko Jaurlaritzaren Garapen Ekonomikoko eta Konpetitibitateko Sailaren diru-laguntza jasotzen du.
Beherapenen denboraldian sartuta, eta berau osatzeko, jendeak aukera asko eta prezio bereziak aurkituko ditu azokan. Dendariak, gainera, oso pozik daude azken urteetan azokak izan duen bilakaerarekin eta, ez hori bakarrik, Eibartik kanpoko gero eta jende gehiago etortzen delako.