Eibar Eskubaloia jubenil mutilen Euskadiko Txapelketaren finalean

Eibar Eskubaloia jubenil mutilen Euskadiko Txapelketaren finalean
2016/03/18 eta kitto!
Gaur hasi eta domekara arte Basaurin jokatuko den jubenil mutilen Euskadiko Txapelketaren finalean izango da Tekniker Eibar Eskubaloia. Ligako lau talde onenen artean izango da txapela jokoan eta lehen bi postuetan sailkatutakoek Espainiako sektore fasean jokatzeko txartela eskuratuko dute. Tekniker Eibar Eskubaloiak gaur Zarautzen aurka jokatuko du (18:45), bihar Ereintza Aguaplast-en kontra (16:00) eta etzi, azken jardunaldian, etxean jokatuko duen Indupime Basauriren aurka (12:00).
Bestalde, asteburu honetako KIROL AGENDAri dagokionez, foballean Eibarrek Getafen jokatuko du gaur 1. Mailako partiduan (20:30) eta emakumezkoen 2. Mailako neurketan Mulier taldea bisitatuko dute Iruñean domekan (12:15); eskubaloian, lehen aipatutako Euskadiko Txapelketatik aparte, 1. Maila Nazionalean Somos Eibarrek Bidasoa bisitatuko du Irunen domekan (12:00) eta emakumezkoen Euskadiko txapelketan Ibaizabalen kantxan jokatuko du Avia Eibar Eskubaloiak bihar (20:00); errugbian, Ohorezko B Mailako Avia Eibar Rygby taldeak Valladolid B-ren zelaian jokatuko du bihar (16:00); saskibaloian, mailari eusteko neurketa garrantzitsua izango du Katu Kalek bihar (18:00) Zarautz Sharks-en kontra kostaldeko herrian; waterpoloan ere irabazi beharreko partidua izango du Eibarko Urbatek Orbean bihar (14:30) Askartza Leioa B-ren aurrean; eta, amaitzeko, Astelenak Mtz. de Irujo/Rezusta eta Artola/Albisu bikoteen arteko neurketa hartuko du Binakako Txapelketaren finalerdietako partiduan.