Eibar FTk Betis hartuko du gaur 21:00etan

Eibar FTk Betis hartuko du gaur 21:00etan
2017/11/20 eta kitto!
LaLiga Santander 1. Mailako 12. jardunaldiko azken partidua jokatuko da gaur gauean Ipuruan Eibar eta Betisen artean. Jardunaldian izan diren bestelako emaitzei esker, eibartarrek oraindik ihes egiten diete sailkapeneko azken hiru postuei eta, larri badago ere, mailari eusteko tokian jarraitzen du. Betis, bestalde, zortzigarren da gaur egun, eibartarrak baino bederatzi puntu gehiagorekin. 2. Maila Nazionalean jokatzen duen emakumezkoen lehen taldeak, bestalde, 1-4 irabazi zion Pauldarrak taldeari eta, horrekin batera, Logroño liderrak Oiartzunen partidua galdu zuela aprobetxatuta, lidergoan errioxarrekin bat egin dute.
Gazteagoen mailetara jaitsita, jubeniletako Ohorezko Mailako Eibarrek 3-0 galdu egin zuen Realarekin eta sailkapeneko 7. postuan dago. Kadeteetako Euskal Ligan jokatzen duen Eibarri ere galtzea egokitu zaion Realarekin, azken hauek 2-1, eta 9.ak dira sailkapenean. Eta Lurralde Mailan jokatzen duen Eibar FTko nesken bigarren taldeak, Mutrikuri 2-0 irabazi ondoren, lidergoan jarraitzen du Anaitasunarekin berdinduta.

Foballarekin jarraituz, azken jardunaldian 2. B. Mailako Vitoriak, Eibarren filialak, 2-0 galdu zuen Zornotzan Amorebietarekin eta, Erregionalean, Gorengoen mailan Eibar Urkok bina berdindu zuen Zestoan eta 1. mailan Eibartarrak 2-3 nagusitu zitzaion Leintz Arizmendiri eta Urkik 2-4 galdu zuen Ilintxarekin.

Eskubaloian 1. Maila Nazionaleko Somos Eibarrek azken jardunaldiotako porroten bidetik zeozer aldentzea lortu zuen eta oraingoan 28na berdindu zuen El Pilar-ekin Ipuruan. Errugbiko senior mailako emakumezkoen Avia Eibar 12-29 gailendu zitzaion Gernikari eta sailkapeneko bigarren postuan dago. Azkenik, waterpoloan, senior mailako Euskal Herriko Ligaren partiduetan, Urbat-Urkotronik-eko emakumezkoen taldea 3-10 nagusitu zitzaion CD Bilbaori; gizonezkoen taldeak ez zuen zorte bera izan eta 18-2 galdu zuen Portugaleten.