Eibar Hiria Energiako Urko Senperenak irabazi du Bioracer Saria

Eibar Hiria Energiako Urko Senperenak irabazi du Bioracer Saria
2019/01/14 eta kitto!
Azarotik hona Donostiako Antonio Elorza belodromoan jokatu den pistako proba bereganatu du Eibarko Klub Deportiboko taldearekin parte hartzen duen txirrindulariak. Bederatzi jardunalditan banatutako proban Senperenak nagusitasuna erakutsi du eta sailkapenean Aitor Larrañaga taldekideari hartu dio aurre seniorren maila nagusienean. Asteburuan jokatutako itxiera-jardunaldian parte-hartzaileek tempo eta puntuazio probei egin zieten aurre. Bioracer Sariaren ondoren, pistetako txirrindulariek Gipuzkoako txapelketa dute hurrengo erronka, hilaren 27an.
Bestalde, kirol-asteburuari errepasoa eginez, foballean Eibarrek 3-0 galdu zuen Camp Noun, emakumezkoen lehen taldeak Bizkerre gainditu zuen 1-0 eta 2. B mailako Vitoriak husna berdindu zuen Getxon Arenasekin bigarren itzuliaren hasierako partiduan. Erregional Ohorezko mailan Eibar liderrak 2-1 galdu zuen Azkoitian Anaitasuna bigarren sailkatuarekin. Eskubaloian kirol horretako eguna ospatu zen zapatuan herriko taldeetako jokalari-ohiei omenaldia egiteko eta, jardunaldiko partiduei dagokienez, senior mailako hirurek irabazi zituzten euren partiduak: Somosek 33-31 Zaragozako Dominicosi 1. Maila Nazionalean eta Haritzak eta emakumezkoen Eibar Eskubaloiak 37-20 Irungo Bidasoari eta 27-22 Zeppelin Corazonistasi, hurrenez hurren, Lurraldeko goi mailan. Errugbian ez zen jardunaldi onena izan senior mailako gizonezkoen taldeentzat: Ohorezko B mailan 52-0 galdu zuten eibartarrek Bathcorekin eta Euskadiko 2. Erregionalean bigarren taldeak amore eman zuen Funesen aurrean 36-10. Saskibaloian garrantzi handiko garaipena eskuratu zuen Avia Eibar Saskibaloiak (61-64) 3. mailako partiduan eta goiko postuetako borrokan jarraitzen du. Waterpoloan Urbateko gizonezkoen lehen taldeak 11-6 irabazi zion Larrainari Kopako kanporaketan. Eta xakean, azkenik, Eibarko lehen taldeak 2'5-1'5 galdu zuen Azkoitian Anaitasuna Kakuterekin taldekako liga hasieran.