Aurpegi berriak Eibar zaintzeko

0    Eibar 
ETA KITTO ETA KITTO
Aurpegi berriak Eibar zaintzeko
ETA KITTO 2019, Ots 08

watch Javier Ziaranek eta Guillermo Argentek urteak daramatzate Eibarko kaleak eta eibartarrak zaintzen, baina azken hilabeteotan Udaltzaingoaren barruan egon diren aldaketekin sasoi berria hasi du herriko segurtasun-zerbitzuak. Jubilazioak eta toki aldaketak egon dira langileen artean, eta udaltzain berriak hasi dira lanean. Trantsizio sasoia bizi du Udaltzaingoak, aro berri baten hasiera.

follow site  

go Jon Kruzelaegi hilabete hasieran jubilatu zen eta Javier Ziaranek hartu du bere tokia Eibarko Udaltzaingoaren buruan. Behin-behineko kargua dauka, Udalak plaza finkoa ateratzeko asmoa duelako. “Jubilatzeko adina aurreratzeko dekretua irten zen”, azaltzen digu Ziaranek, “eta 60 urterekin erretiroa hartzeko aukera daukagu”. Guztira bederatzi udaltzain jubilatu dira azken hilabeteotan eta beste bi, oposaketetan plaza lortu ondoren, Bilbora joan dira. “Toki horiek betetzeko lau udaltzain etorri dira eta plaza finkoa izango duten beste bost ditugu Arkauten oinarrizko ikastaroa egiten”, dio Ziaranek. Uztailean amaituko dute ikastaroa eta iraila inguruan hasiko dira beharrean. Azken hilabeteetako aldaketak nabaritu dituztela esaten dute Ziaranek eta Guillermo Argente udaltzain buruordeak. “Nahiko justu gabiltza, jende berria ekartzeko begira”, Ziaranen berbetan.

click here Urtarrilean hasi ziren lanean lau udaltzain berriak eta egokitze-prozesuan daude orain. Guztira 37 udaltzain daude Eibarren, baina Euskal Autonomi Erkidegoko Administrazioko sailetako eta erakunde autonomoetako lanpostuen zerrenden (RTP) arabera 48 izan beharko lirateke. Gaur egungo langileen artean 18 udaltzainek postu finkoa dute eta besteak bitartekoak dira.

Trantsizio-prozesuan dago Eibarko Udaltzaingoa. Izan ere, esperientzia handiko udaltzainak galdu ditu eta hori ez da inongo akademiatan ikasten. “Ez dugu kantitatea bakarrik galdu, baita kalitatea ere”, dio Ziaranek. “Gaueko txanda beti izan da finkoa eta gauean dabiltzan bost udaltzainek lana utzi dute, hau da, txandaren erdiak baino gehiagok”. Ziaran eta Argenteren ustez denbora kontua da, udaltzain berriek poliki-poliki hartuko dutelako esperientzia. Bestalde, lantaldearen berritzeak aukera berriak ekarriko dituela uste dute. “Jende berriarekin, gauzak ondo eginez gero, 2-3 urte barru zerbitzua asko hobetu dezakegu”.

 

Justifikazio gabeko alarma soziala

Trafikoa da Udaltzaingoak duen arazo nagusiena. “Betidanik egon den arazoa da, historikoa”, Ziaranen berbetan. Udaltzain buruaren iritziz ohitura kontua da kasu askotan, “edozein tokitara kotxez mugitzen garelako”. Errekatxu eta Arane arteko errepidean gertatu zen lur-jausiaren ondorioz, adibidez, bidea hilabete egongo da itxita eta horrek trafiko arazoak sortuko ditu. “Asteburuetan batez ere”, dio Ziaranek, “erdigunea itxita egoten denez, askok bide hori hartzen dutelako”.

Herrian lapurreta kopurua hazi dela zabaldu da sare sozialetan azken asteotan. Udaltzaingoaren ustez, ordea, zurrumurruak besterik ez dira. “Estatistikak kontuan hartzen baditugu, ezin da esan lapurreten inguruan igoerarik egon denik”, dio Ziaranek. Beraz, sare sozialetan sortu den alarma sozialak justifikaziorik ez duela uste dute biek. “Lapurreta kasuetan Ertzaintzarekin elkarlanean gabiltza eta, esan digutenez, azken asteotan egon diren lapurreten egileak ezagunak dira eurentzat”, esan digu Argentek.

Ziaranentzat Eibar hiri segurua da. “Segurtasun absolutua ez da existitzen, baina antzeko tamainako herriak kontuan hartuta, Eibar segurua da”. Atzera begira, orain dela pare bat hamarkadako Eibarrekin alderatuz, egoera asko aldatu dela uste du Ziaranek. “Auto-pilaketa handiak zeuden, drogaren arazoa zegoen, delinkuentzia, giro politikoa pil-pilean zegoen… denetarik”.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »