Beldur Barik Topaketaren aurkezpena egin da gaur

Beldur Barik Topaketaren aurkezpena egin da gaur
2017/11/23 eta kitto!
Eibarrek jasoko du 2017ko Beldur Barik Topaketa abenduaren 2an, zapatuan, eta gaur goizean eman dute egun horretan egingo diren ekintzen berri udaletxean. Ekintzaz betetako eguna prestatu du Emakundek eta Beldur Barik ikus-entzunezko lehiaketaren sariak banatuko dira Coliseoan. Aurten 62 udalerritako 371 lan jaso dituzte antolatzaileek, eta errespetu, parekidetasun, askatasun eta autonomian oinarritutako jarrerekin ezberdintasunezko eta indarkeriazko egoerei nola egiten dieten aurre erakutsi dute neska eta mutilek.

Eztabaidak, formazio tailerrak eta ikuskizun ugari eskainiko dira abenduaren 2, eta doako autobusak eskainiko dira Euskal Herri osotik gure herrira etorri ahal izateko. 300 eta 400 pertsona inguru etortzea espero da eta honako helbidean apuntatu daiteke: http://beldurbarik.org/es/topaketa-formulario. 16:30etan egingo da ongi etorri ekitaldia Untzagan eta trikitilarien laguntzarekin Portaleara joango da marea morea. 17:00etatik 19:00etara tailerrak egingo dira Portalean (autodefentsa feminista; perkusioa; umore eta aktibismoa; sexua, moda eta reggaetoia; Instagram eta Whatsapp,; ligatzeko tailerra...) eta, gero, trikitilariekin Untzagara bueltatuko dira ekintzak. Plazan zerbait jan ostean, kalejira egingo da 20:00ak arte, eta Coliseoak Beldur Barik ikus-entzunezko lehiaketaren sari banaketa jasoko du.

 

Kontzientziazioa gora

Gazteen artean indarkeria sexista prebenitzeko helburua duen urteroko programa da Beldur Barik. EAEko hiru probintzietan txandaka egiten da urtero Topaketa eta aurten Eibarri egokitu zaio egitasmoa jasotzea. “Topaketa Eibarren egitea apropos ikusi genuen eta Udalak lan handia egin du guzti honen prestaketan”, adierazi du Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariak. Miguel de los Toyosek gehitu duen bezala, Udalak adierazpen bat eskainiko du egun horretan eta aipamen berezia egingo du Rakel Lopez Airas eta bere semearen hilketa “argi gaitzesteko”.

Emakunde eta Beldur Barik programa bultzatzen dute Euskadiko Foru Aldundiak pozik daude programak gazteengan duen eraginarekin, “gazteek ezetz esan diotelako indarkeriari”. Hala ere, argi daukate oraindik lan handia dagoela egiteko, batez ere azalean ez dauden indarkeriekin. “Mespretxuak, irainak, bikote arteko kontrola, kontrol ekonomikoa, infrabalorazioa eta abar”. Hamar urtetan egindako aurrerapena handia eta positiboa dela adierazi dute, eta ez direla gazteen bizkarrean jarri behar gizartearen akatsak, baina datuek diote “kezkatzekoa” dela indarkeria matxistaren presentzia adin txikikoen artean. Zentzu horretan, Beldur Barikek egiten duen lana berebizikoa da. “kontzientzia sortzen duelako, eta jarrera matxisten normalizazioa ekidin eta aurre egiten diolako”.

 

Puntu Lila hilaren 25ean

Emakumearenganako Indarkeriaren Eliminazioaren Aldeko Nazioarteko Eguna ospatuko da azaroaren 25ean, eta herritarrek puntu lila erabiltzeko eta antolatzen diren ekitaldietan parte hartzeko deia egin dute Beldur Barik programa bultzatzen duten instituzioek. Ikurra publikoki erakusteak emakumeen eta gizonen arteko berdintasun eza duen indarkeriaren aurkako konpromiso aktiboa agertzea suposatzen du.