Beste istripu bat Apalategi inguruan

Beste istripu bat Apalategi inguruan
2013/02/13 00:00
eta kitto!

Trafiko motela dago Eibarren N-634 errepidean, 61. kilometroan Donostirako norantzan (Apalategi inguruan), 17.15ak aldera ibilgailu batek beste bat atzetik jotzean gertatutako istripu baten ondorioz. Aste honetan bertan, ia toki berean beste istripu bat gertatu zen astelehenean.
Asteleheneko istripuaren harira, tartean izan zen gidarietako batek idatziz azaldu digu gertatutakoa: "Pasa den astelehenean kotxe istripua izan nuen Apalategiko bihurgunean (Maltzaga-Azitain artean dagoena ), kontrako norabidean zetorren kotxe bateko gidari batek kontrola galdu eta nire furgonetaren kontra jo zuenean, tartean nire aurretik zihoan taxista bati ere aldamenean jo ostean. Gidari guztioak ondo gaude eta ez zaigu ezer larririk gertatu. Baina lerro hauek idazten ditut gure istripua zoritxarrez, Apalategiko gune horretan ez delako bakarra izan; astelehen horretan bertan, goizean, beste kolpe bat izan zen. Bertatik egunero pasatzen garen gidariok ongi dakigu, gainera, urtean zehar dozena bat istripu gertatzen direla gune arriskutsu horretan. Hala bada, dagokionari, diputazio, trafiko sail edo eta beste arduradunen bati zera eskatuko nioke: behingoz neurriak hartu ditzatela gune hau eta horrelako beste batzuk trafiko puntu beltzak izaten ez jarraitzeko. Irlandan, adibidez, asfalto berezi bat botatzen dute euriari aurre egiteko. Honetaz gain, gidariok euria egiten duenean neurriak ere hartu behar ditugu: abiadura murriztu eta arreta handitu. Amaitzeko besarkada handi bat bidali nahi nieke istripuan kaltetuak izan ginen guztioi. Berriro jaio garela ospatu beharko dugu!".