Correoseko beharginen greba amaitu da

Correoseko beharginen greba amaitu da
2012/12/24 eta kitto!

Correoseko zuzendaritzak eta sindikatuetako ordezkariek zerbitzua bere onera bueltatzeko adostasuna lortu dute aurreko astearen amaieran eta, horri esker, hainbat postarik 20 egunez aurrera eraman duten greba deialdia bertan behera laga dute. Correoseko zuzendaritzak etxerik etxe banaketan diharduten beharginetako batzuk kaleratzeko asmoa zuela jakin zutenean ekin zioten grebari beharginek, "orain arte 19 lagunen artean egindako beharra 14k egitea ezinezkoa zela" salatzeko. Grebak iraun duen bitartean, postariek ez dute euren ardurapeko kaleetan ezer banatu eta beharrean jardun ez duten egun bakoitzeko 15.000 karta eta pakete bulegoan, banatu barik geratu direla kalkulatzen dute. Gauzak horrela, bulegoan pilatzen joan diren 300.000 kartak banatzen joango dira eta, etxeetan ahalik eta azkarren jaso dadin Correosek bere esku dauzkan baliabide guztiak erabiliko dituela aurreratu du.