Dantzatu mingaina, Berbetan programa martxan onean

Dantzatu mingaina, Berbetan programa martxan onean
2013/09/24 eta kitto!

...eta kitto! Euskara Elkarteak ikasturte
honetako Berbetan mintzapraktika programa jarri du martxan eta izen ematea martxan onean doa. Azkenengo urteetan izandako izen emate kopurua gainditu dugu dagoeneko.
Berritasun moduan, aurten, egitasmoaren inguruko bideoa egin dute, eta
hemen duzue ikusgai.
Bideoan, Eibarko hainbat partaidek, herritarrak programan parte hartzera
animatzen dituzte, eta amaieran sorpresatxoa ere badu Ane Urkiolak egindako lanak.
Egitasmoak, bestela, urteroko martxari jarraitzen dio. Orain dela 12 bat
urte euskaldun berri edo euskara ikasleei euskera praktikatzeko txokoa
eskaintzeko helburuarekin jaio zen mintzaprkatika programan 60 lagun inguruk dihardute parte hartzen. Astean behin elkartzen dira, ordubetez, euskaldun eta euskaldun berriz osatutako taldeetan, giro lasai eta naturalean euskaraz jarduteko.
Orain dela hiru urte martxan jarritako Gurasoak Berbetan-ek ere izango du tartea aurten ere. Ikastetxeekin elkarlanean gurasoei ere mintzapraktika taldeetan parte hartzeko aukera eskaintzen zaie. Eta iazkoari jarraituz, aurten ere Eibarko dendariei zuzendutako taldeak ere osatuko dira.
Euskaraz berba egiteko erreztasuna lortu, ohiturak aldatu, euskaldun-sarea handitu edota euskaraz berba egiteko lotsa gainditzea dira besteak beste, Berbetan-en helburuak.


5000 superberbalagun baino gehiago


Berbetan Mintzapraktika programa Eibarren egiten den moduan, Euskal Herriko beste hainbat herritan ere egiten da. Topagunea, euskaltzaleen elkartearen mintzapraktika batzordearen kide da Eibarko elkartea. Amankomunean egiten dute hainbat ekimen, tartean urtean behin egiten den Mintzaeguna.


Berbetaneko kideek egiten duten lana izan dute hizpide aurtengo kartela eta promoziorako bideoa egiteko orduan. Izan ere, heroiak dira benetan ere Mintzapraktikako kideak. Euskaraz egiterakoan hobetzeko asmoarekin, astean behin batzen dira eta lan ikaragarria egiten dute. Hemen duzue berbalagunen bideoa.