Denda eta tabernetan euskera sustatzeko ekimenak, Euskeraz Primeran kanpainaren eskutik

Denda eta tabernetan euskera sustatzeko ekimenak, Euskeraz Primeran kanpainaren eskutik
2015/02/25 eta kitto!

Gaur eguerdian (eguaztena, hilak 25) udaletxean egindako prentsaurrekoan, …eta kitto! Euskara Elkarteak udalaren laguntzarekin abiarazi duen Euskeraz Primeran kanpainaren barruan datozen egunotan egingo diren ekimenen berri eman dute. Euskeraren erabilera eta normalizazioa sustatzeko helburuari jarraituta, badira hamar urtetik gora euskara elkarteak Berbetan egitasmoa sortu zuela eta, testuinguru horretan, dendari eta ostalariei ordutegi aldetik erreztasunak eskaini nahian, euren lanpostuetan bertan euskera erabiltzeko bideak zabaltzen joan dira eta 80 bisita inguru egin eta gero, 74 tabernak Berbetan programarekin bat egitera animatu dira eta, Euskeraz Primeran kanpainaren baitan, lehen urrats modura bezeroek ikusteko moduko pegatinak banatu zitzaizkien. Ekimenaren harrera ona ikusita, arduradunek dendetara zabaltzea erabaki zuten eta, 300 bisita egin eta gero, 191 establezimendu kanpainara erakartzea lortu zuten eta horiei ere pegatinak banatu zaizkie.
Gaurko aurkezpenean azaldu dutenez, "bigarren pauso batean orain herrian gizarteratzea nahi dugu eta, horretarako, tabernariei kanpainaren irudia duten azukretxoak eta serbilletak eramango dizkiegu, denera 1.000 kilo azukre baino gehiago eta 500.000 serbilleta, bezeroen artean banatzeko. Dendetan, berriz, 300 kilo gozoki lagako ditugu. Bezeroentzat pentsatutako produktu horiez gain, establezimenduetarako bereziki argitaratutako zerbitzu katalogoa ere emango diegu, kanpainarekin hartu duten konpromisoa gogora ekartzeko eta euren eskura dauden zerbitzuak (itzulpen /zuzenketa zerbitzua, ikastaro espezifikoak, sustapen/motibazio-materiala, aholkularitza eta dinamizazioa, euskaltegi bietan %50 deskontua…) zeintzuk diren azaltzeko".
Eta kanpaina biribiltzeko I. Gilda Lehiaketa antolatu dute martxoaren 5erako eta 6rako. Egun horietan parte-hartzera animatu diren 27 tabernetan gildak jateko aukera izango du jendeak eta, epai-mahaiak banatuko duen sariarekin batera, bezeroek ere gehien gustatzen zaien gilda zein den aukeratzeko modua izango dute, botoa emateko ipiniko diren kutxetan bozkatuta. Bozkatzera animatzen diren guztien artean, gainera, Eibar-Sevilla partidua ikusteko sarrera bi zozketatuko dituzte. Kanpainako arduradunen berbetan, "ekimenaren atzean esfortzu ekonomiko eta pertsonal handia dago eta, horregatik, herrirarrak euskeraz eskatzera eta egitera animatu nahi ditugu".