Gerrako Eibarko umeen ikerketak aurrera darrai

Gerrako Eibarko umeen ikerketak aurrera darrai
2012/02/07 00:00 eta kitto!

Eibarko udaleko Ego Ibarra batzordeak bultzatutako Eibarko "gerrako umeen" inguruko ikerketaren orain arteko emaitza 155 izenekoa izan dela adierazi dute arduradunek, baina "soka askoz luzeagoa izango delakoan" daudenez, berriz ere jendearen laguntza eskatzen dute gerratean atzerrira eraman ziren Eibarko umeen zerrenda egin ahal izateko. Aurretik egindako deialdiak oso erantzun ona izan duela diote: "Gure deiari erantzunez, jende asko hurbildu da guregana, besteak beste historiagile bi eta 'ume' haien 17 senide ditugu eta gure eskerrik beroenak eman nahi dizkiegu".
Bestalde, orain arte laguntza bila joan eta euren laguntza eman dieten eta jarraian aipatzen diren erakunde guzti hauei ere esker ona erakutsi nahi diete: Basque Children of ’37 Association (UK), Fundación Universitaria Española, Fundación Pablo Iglesias, Eibarko Udal Artxiboa, Euskal Abertzaletasunaren Agiritegia-Sabino Arana Fundazioa eta Irargi.
Hala ere, oraindik argibide gehiago nahi dutela gogorarazi nahi diote jendeari, izen, argazki eta dokumentu gehiago eskuratzeko. Beraz, gerra sasoian atzerrira eramandako ume eibartarren berri duen edozeinek honen inguruko ikerketa egiten diharduen Enara García Martínez-ekin harremanetan ipini daiteke, Ego Ibarraren bulegoan (udaletxeko 2. pisuan), 943 70 84 23 telefono zenbakian (atzerritik 034 943 70 84 23) edo e-mailez egoibarra2@eibar.net helbidera idatzita.