Hautsetik suspertu zen hotela

Hautsetik suspertu zen hotela
2018/10/05 eta kitto!
Eibar hauts artean murgildu zen bapatean 1968ko urriaren 12an. Goizeko 10:30ak ziren, baina dena ilun zegoen. Arrate hotela, herriaren modernizazioaren ikurra izan behar zen eraikina, erori egin zen. San Andres egunean zen inauguratzekoa, azaroaren 30ean, baina goiz hartan hauts artean desagertu zen. Inor ez zen zauritua izan eta hiru urte geroago, orduan bai, hotela inauguratu zen, baina egun hartako sustoak bizirik jarraitzen du 50 urte eta gero.

 

Jaieguna izan ohi da urriaren 12a, Pilarika eguna, eta hainbat ekintza zeuden martxan 1968ko goiz hartan Eibarren. Herriko gazteak, domeka eta jaiegunetan egiten zuten bezala, foballean jokatzen zebiltzan Txaltxa Zelaian. Jacinto Zuluaga Vazquezek zuzentzen zuen Musika Bandak, bestetik, 10:00etan kalejira egin zuen eta, amaitu zutenean, udaletxean zegoen musika akademian piezak entseatzen hasi ziren geroago Untzagako kioskoan eskaini behar zuten kontzertuaren aurretik.

Bapatean udaletxeko txirrinak jo zuen. Eta luze jo gainera, zerbait larria gertatzen zenaren seinale. Ondo gogoratzen du momentu hura Mateo Guilabert kazetariak, momentu hartan musika bandako kidea zenak. “Zuzendariak munizipalengana joateko esan zidan, zer gertatu zen ikusteko, eta plazara irten nintzenean ez zen ezer ikusten”.

Hauts artean zegoen herriko erdigune osoa, baina Txaltxa Zelaian foballean zebiltzan gazteek, ordea, ez zioten jokatzeari utzi, nahiz eta hotelaren erortzeak sortutako zarata ikaragarria izan zen.

Inauguraziorako hilabete eta erdi falta zenez, eraikuntzaren egitura prest zegoen. Aranzazu izeneko hotel-katearena zen eraiki beharreko hotela, herriko lehen hotel handia, eta Eibarko hainbat industriari ere aurkitzen ziren promotoreen artean. Hotelak bederatzi pisu zituen ordu hartan, bost segundutan behera etorri ziren bederatzi solairu. Hondakinak alboko eraikinaren hirugarren pisura arte iristen ziren, baina horren azpian, zorionez, ez zuten inor harrapatu.

 

Zauriturik ez, kasualitatez

Bederatzi pisuko eraikin bat inolako abisurik gabe erori eta kalte pertsonalik ez egotea ez da erraza, baina horrela izan zen urriko 12 hartan. Arrate hoteletik hurbil, gaur egun bezala, autobus geltokia zegoen orduan ere eta erorketa gertatu baino minutu batzuk lehenago ume talde bat zegoen bertan, Guilabertek oroitzen duenez. Irakasleekin irteera bat egiteko zeuden bertan geratuta, baina autobusa hartu zuten bederatzi pisuak erori minutu batzuk lehenago.

Eraikina zaintzeaz arduratzen zen gizona eta bere txakurra ere libratu ziren. Ardoari esker gainera. Izan ere, hamarretakoaren ordua zen langile honentzat eta jatekoa edariz laguntzeko Irimo tabernara (gaur egun Duran Duran dagoen tokian zegoena) joan zen ardo botila bat erostera.

Hasiera batean milaka lauzarekin egin behar zen hotelaren fatxada eta lan hori egiteko igeltsero talde bat etorri zen Madriletik. Sasoi hartan parrokoaren baimena behar zen domeka edo jaiegunetan lan egiteko eta baimen bila joan ziren langile hauek. Erlijio aldetik hain egun garrantzitsua izanda, parrokoak ez zuen lan egiteko baimenik eman eta erabaki horrek bizitza salbatu zien igeltseroei nahi gabe. Dotore jantzita, igeltseroek ondo ospatu zuten egun hartan lan egin behar ez izana. “Inoiz gehiago ez dut lanik egingo jaiegunetan. Apaiz horrek bizitza salbatu digu!”, zioten barre eta oihu artean Alberto tabernan, Guilaberten berbetan.

 

10 milioi pezetako kalteak

Ez zen kalte pertsonalik egon, baina materialak bai. Urteetako lana desegin zen eta ia zerotik hasi beharra zegoen. Orduko 10 milioi pezetako galerak egon zirela kalkulatu zuten (egungo 60.100 euro inguru) eta hainbat ikerketa egin eta gero, erortzearen arrazoi nagusia erabilitako zementuaren kalitate eskasa izan zela ondorioztatu zuten.

Kontua zen herriaren ikurra izan behar zena obra-hondakin bihurtu zela, baina arduradunek ez zuten etsi. Hondakinak batu, gunea atondu eta beharreko analisiak egin eta gero, hiru urte geroago, 1971ko urtarrilean, Arrate hotela inauguratu zen. Eibarrek bazuen, behingoz, herriaren modernizazioaren ikurra izan behar zen eraikina. Fenix hegaztiaren antzera suspertu zen Arrate hotela, hautsetik kasu honetan.