II. Errepublikaren lehen urteurrena ospatzeko era guztietako ekitaldiak egin ziren

II. Errepublikaren lehen urteurrena ospatzeko era guztietako ekitaldiak egin ziren
2020/04/14 eta kitto!
Ego Ibarra batzordeak bere web orrian jaso duenez, 1932. urtean, Errepublikaren lehen urtea ospatzeko era guztietako ekitaldiak antolatu zituzten: manifestazioa, txirrindulariak, dantzaldiak, txangoa Madrilera, txistulariak...

Egun hartako ospakizunen ekitaldi nabarmenetako bat Errepublikako Sari Nagusia txirrindularitza-lasterketaren lehen edizioa izan zen: “Nazioarteko proba, hemengoez gain, txirrindulari atzerritarrekin osatua. Luciano Montero izan zen garaile 125 kilometroko etapa bakarreko proba hartan (Markina- Ondarroa- Deba- Elorrio-Arrasate-Bergara-Eibar). 1933ko eta 34ko edizioetan ere Montero anaiak izan ziren garaile, 33an Ricardo eta 34an Luciano. 1935 eta 1936an etapakako proba garrantzitsuenetako bat izatera iritsi zen, eta nazioarteko ospea lortu zuen”.

Ego Ibarrak bildutako informazioaren arabera, “35eko etapak hauek izan ziren: Eibar-Burgos (171 km), Burgos-Madril (198 km), Madril-Burgos (242 kim), Burgos-Eibar (170 km). Irabazlea Salvador Cardona izan zen eta karrerako eibartar bakarrak, Felix Gojenolak, 22. postuan amaitu zuen. 1936ko lasterketak Julian Berrendero (argazkian) izan zuen irabazle, garaiko txirrindulari handienetako bat eta ‘Mis glorias y Memorias’ liburuaren egilea. Gerrak moztu zuen betiko Errepublikaren sari hura eta gainerako lorpen guztiak”.