Mikel Larrañagak erosleekin

Mikel Larrañagak erosleekin
2012/11/08 eta kitto!

Atzo (eguaztena, hilak 7) hasi zen Gasteizen Mikel Larrañaga Eibarko alkate-ohiaren, Alfonso Ruiz de Alegriaren (Cartera Saraspe-ko administradorea) eta Julian Ernesto Ochoaren (Puentepiedra Servicios Inmobiliarios) kontrako epaiketa. Fiskalak higiezinekin iruzurra egitea egotzi die epaitzen diharduen hiru lagunei eta 9 urteko kartzela zigorra eta hiruren artean 110.000 euroko kalte-ordaina ematea eskatzen du. Fiskalak dioenez, inputatuek Errioxan 3 etxe erosi nahi zituzten bi lagunei aurretik dirua emateko eskatu zieten (21.340 eta 55.919 euro). Gero, etxeak emateko epeak atzeratu, erosleek ez zuten dirua bueltan hartu eta 2009an Cartera Saraspe-ko administratzaileek Konkurtso Legera jo zuten. Larrañagak atzo epaileari esandakoari jarraituta, enpresaren eguneroko martxan arduradun nagusia Ruiz de Alegria zen, berari egotzitako delitu zein zigorrekin ados ez dagoela gaineratuta. Berak epaitegiraino eraman dituzten bi erosleekin “inolako harremanik” ez zuela izan argitu eta enpresa hondoratzean bera zein bere bazkideak euren patrimonioarekin erantzun behar izan zutela azaldu zion epaileari.