Mintzapraktikako taldeetan izena emateko epea zabalik dago

Mintzapraktikako taldeetan izena emateko epea zabalik dago
2020/09/22 eta kitto!
Abian da …eta kitto! Euskara Elkarteak antolatzen duen Berbetan programaren ikasturte berria. Aurreko urteetatik osatuta zeuden taldeak hasi dira dagoeneko elkartzen, euren ohiko leku, egun eta orduetan. Orain, …etakitto!-k aurtengo kanpaina berriari ekin dio, berbalagun berriak erakartzeko helburuarekin; baina, egoerak hala behartuta, aurten beste era batera aurkeztu du kanpaina Elkarteak.

Urteko sasoi honetan izen-emate kanpainan buru-belarri beharko luke …eta kitto!-k, eta horrela dihardu egunotan, baina beste era batera. Hainbat berbalagun-talde eta taldekide elkartu ditu eta euren esperientzia kontatu digute bideo batean. Lotura honetan duzue ikusgai: Berbetan bideoa

Mintzapraktikako taldeetan izena eman nahi duenak aukera zabala dauka horretarako; astelehenetik hasita barixakura arte, asteko egun guztietan elkartzen dira taldeak, arratsaldez asko, baina goizez ere gero eta gehiago. “Tantaka ari dira berbalagun berriak izena ematen, eta lehendik eginda dauden taldeetan sartzeko aukera ematen diegu, baina taldeak larregi handitzen doazela ikusiz gero, talde berriak sortzen ditugu; aukeran hobe izaten baita taldeak txikiak izatea”, diote programaren arduradunek. Beldurrak eta lotsa alde batera lagata euskeraz berba egitea da kontua, zuzentasunetik harago, ez baita eskola bat, eta ez dago irakasle-ikasle figurarik.

Berbetan programak euskera praktikatzeko taldeak eskaintzen ditu; talde horietan ahozko euskera hobetu nahi dutenak euskeraz ondo hitz egiten dutenekin elkartzen dira, astean behin ordubete, giro lasai eta informalean. Nori zuzenduta dago programa? Euskera ikasleei, euskaltegian dabiltzanak edo ibilitakoak, ikasitakoa praktikan jar dezaten; euskeraz hitz egiteko ohitura galdu eta berreskuratu nahi duenari; ahozko euskera hobetu eta jarioa lortu nahi duenari… Eta, jakina, baita euskeraz ondo moldatzen direnei ere: “Euskeraz bizi bazara eta euskeraren aldeko boluntarioa izan nahi baduzu edo euskeraz gehiagotan egin nahi baduzu, hemen duzu aukera”.

Asteroko mintzapraktikako taldeez gain, ekintza osagarri ugari eskaintzen ditu ...eta kitto!-k Berbetan programaren barruan: txangoak, ikastaroak, hitzaldiak… Berbalagun berriak ezagutu eta euskal harreman-sarea zabaltzeko aukera bikaina. Izen-ematea orain abiatu da, baina urte osoan dago horretarako aukera: www.etakitto. eus webgunean, elkartea@etakitto.eus helbidera idatzita edo 943200918 telefonora deituta. Programan parte hartzea doan da; eskatzen den gauza bakarra konpromisoa da, hau da, berbalagunek adostutako egun eta lekuetan euskeraz hitz egiteko konpromisoa, besterik ez.

nabarmendutakoa