Oporretan, Eibarrera

Oporretan, Eibarrera
2018/09/06 eta kitto!
Herriko hotelek pozik esango diote agur udako sasoiari. Beteta egon dira. “Eta logela gehiago izango bagenitu, bete egingo lirateke”, esan digute hainbat hotel-establezimenduetako arduradunek. Euskal Herria ezagutzeko base moduan, oporretako ibilbidean atsedena hartzeko toki bezala edo, beste barik, Eibar ezagutzeko, mundu osoko bidaiariak jaso ditu gure herriak uda honetan.

 

Joan dira “herria zaintzen” eibartar gutxi batzuk geratzen ziren sasoi horiek. Oporrak abuztua ez den beste hilabete batzuetan hartzen direlako, lan barik oporrik ez dagoelako edo oporrak norberaren herrian pasatzea baino hoberik ez dagoelako, Eibarko kaleek ez dute indio eta bakeroen pelikuletako kale hutsak ematen abuztuan. Hori gutxi ez balitz, turistek gurean pasatu nahi dituzte atseden egunak. Horren erakusle da uda honetan herriko hotelek jaso duten jendetza. Ia ez da ohe librerik egon eta datozen hilabeteei begira joera mantenduko dela adierazi digute establezimenduetako arduradunek.

Udan hotela beteta edukitzea zer den aurretik ezagutzen zuten Unzaga Plaza hoteleko eta Sosola Baserriko arduradunek. “Abuztua beti bezala joan da, primeran, hotela bete-beteta egon delako hilabete osoan zehar”, adierazi digu Unzaga Plaza hoteleko Andres Guaschek. Aurreko urteetako joera jarraitu dela dio zuzendariak, “eta logela gehiago izango bagenitu, bete egingo lirateke”.

Lehengo Arrate Hotelaren lekukoa hartu zuen Unzaga Plazak 2012an eta urte osoan zehar ikusi daitezke bisitariak bertan. Negozioa martxan jarri eta abiaraztea ez zen erraza izan, baina emaitza bikainak ditu hotelak gaur egun. Udako erabateko betealdia da horren erakusle garbia.

Unzaga Plazak udan jasotzen dituen bisitari gehienak Espainiatik datoz. “Bisitarien %80a, gutxi gora behera”. 4-5 eguneko egonaldia egiten duen jendea da gehiena, “espreski Eibarrera oporretan datozenak”. Eibartarrak udan kanpora begira jartzen garenean, kanpoko jendea Eibarrera etortzen da. Zergatik? “Guk ikusten ez dugun xarma daukalako”, Guaschen ustez.

Eibarren eta inguruetan gauza interesgarriak ikusten dituzte bisitariek, “eta xarma hori aurkitzen dute”. Arrate da, adibidez, Guaschek ezagutzen duen bikote baten toki gustokoena. “Arratera igo eta egunak pasatzen dituzte han jarrita. Paradisua dela esaten dute”. Ezin da ukatu, ordea, Eibarren kokapenak duen garrantzia. “Euskal Herriaren erdigunean gaude, toki erakargarri asko ditugu eskura eta bisitariek gauza asko ezagutu nahi dituzte autobusean denbora asko pasa gabe”.

Arrazoiak arrazoi, kontua da Guaschek zuzentzen duen Unzaga Hotelak besoak zabalik hartzen dituela bisitariak eta horrela jarraituko du datozen hilabeteotan. “Pozik gaude eta aurreikuspenak oso onak dira. Eibar bizirik mantendu behar da”. Turistak oso ondo hartzen dituen herria dela uste du eta bisitariengan eragina du horrek. “Turistak etortzea garrantzitsua da, baina garrantzitsuagoa da turistak Eibarrera berriz bueltatzen direla ikustea, eta hori gertatzen ari da”.

Turismoari dagokionez herrian hainbat gauza hobetu daitezkeela dio Guaschek. “40.000 bisitari inguru jasotzen ditu Unzaga Plazak urtean, jende asko da, eta gauza ona izango litzateke Eibarren turismo bulegoa irekitzea”. Hotelean turismoa egiteko informazioa eskaintzen dela esan digu, baina turismo bulegoa edukitzea herriarentzat erakargarriagoa izango litzatekela uste du. “Hori bai, ondo aztertu beharko litzateke, zenbakiak egin eta abar”.

 

Tratu berezia Sosolan

Sosola Baserriak ia urte osoan izaten ditu beteta bere logelak, beraz, pentsa nolako mugimendua izan duen udan. “100 logela izango bagenitu, bete egingo lirateke”, esan digu Esther Gisasola Sosola Baserriko arduradunak. XVI. mendeko monumentu historikoa, landa-turismoko hotela da Sosola eta Eibarko gune berde eta menditsuez gozatzeko aukera ematen die bisitariei.

Unzaga Hotelak bezala, abuztuan Espainiatik etorritako bisitariak jaso ditu Sosolak batipat, “baina urtean zehar atzerritarrak etortzen dira batez ere”. Levante ingurutik, Gaztela-Leonetik eta Andaluziatik etorri dira gehienak, “ezin dutelako hango beroa aguantatu”. Zentzu horretan Euskal Herriko klimak turista hauen alde egiten du. “Zer da eguraldi ona? Zer da txarra? Erlatiboa da. Turista hauek ez dute eguzkirik nahi. Euskal Herrira datozen turistek ez diote eguraldiari begiratzen”, Gisasolaren ustez. Horren erakusle da, adibidez, irailean jasoko dituen bisitari batzuen kasua. “Urtarrilean egin zuten erreserba, bost axola zaie zein eguraldi egingo duen. Pentsa, datorren urterako erreserbak ditut jada”.

Gastronomia, ingurunea eta paisaia zoragarriak dira turistak erakartzen dituzten gauza garrantzitsuenak Sosolako arduradunaren ustez. Bezeroekin tratu zuzena izaten du Gisasolak eta bisitarien asmoak jakin eta gero, Eibarren eta inguruan zer egin dezaketen gomendatzen die. “Ibilbideak proposatzen dizkiet eta Eibarren zer aurkitu dezaketeen ere azaltzen diet”. Gertuko tratu hori da Sosolak eskaintzen duen balio erantsia.

Bikoteak jasotzen ditu Sosolak batez ere, hori delako landa-etxe honen xedea. “Guk lasaitasuna, isiltasuna eta kalitatea eskaintzen diegu, eta bisitariek eskertzen dute”. Argi ikusi daiteke hori internet bitartez hoteletako erreserbak egin daitezkeen webguneetan. Kritika ezin hobeak jaso ditu Sosolak eta hori da establezimenduaren kalitate ikur nagusiena. “Gurean egon diren bisitarien iritzi positiboak dira gure berme nagusia”.

 

Estraineko uda

Unzaga Plaza eta Sosolakoen berbak entzunda, Eibarko turismoa osasuntsu dagoela esan daiteke, eta bolada onari heldu nahi izan diote urte honetan ateak ireki dituzten beste bi establezimenduek: Eibarrooms eta Ixua Hotelak. Kontzeptu berri bat ekarri du Eibarroomsek. Hainbat urtetako lanaren ostean ekainean ireki zituen ateak Ego-Gain kalean dagoen establezimenduak. 12 logelarekin, hotel honek ez dauka harrera-lekurik eta erreserba egiterako orduan jasotzen den kode batekin sartu ahal dira bezeroak logelara.

Hotel berria izanik eta kontzeptu are berriagoarekin, udako sasoian izango zuten erantzunaren beldur ziren hoteleko arduradunak, baina uztaileko eta abuztuko aurreikuspenak hobetu egin dituzte. “Gure balorazioa oso ona da”, Maialen Gisasola Eibarroomseko arduradunaren berbetan. “4-5 gau pasatzera etorri diren 30 eta 50 urte arteko bikoteak, hori da guregana etorri diren bisitarien profila”. Eibarrek Euskal Herrian duen kokapena aintzat hartzen dute turistek Gisasolaren iritziz, “hemendik beste toki batzuetara mugitzen direlako turismoa egitera”. Udan jasotako jendetzak bultzada handia eman dio ateak ireki berri dituen Eibarroomsi.

Ixua aski ezaguna da Eibartarrontzat eta kanpotik etortzen diren askorentzat, baina jatetxeak hotelari eman dio lekukoa aurten. Boutique-hotela da, hain zuzen ere, Ixuan aurkitzen duguna gaur egun. Luxuzko giro goxo eta lasaia aurkituko dute bisitariek landa-gune honetan eta, udako datuak ikusita, turistei gustatu zaie Ixuan aurkitzen duten proposamen berria. “Hotela beteta egon da egunero”, esan digu hotela kudeatzen duen Veronica Fernandezek.

Aurreko urteetako erreferentziarik gabe, uda eskasa izango zela aurreikusten zuten. Bada, turisten erantzuna zoragarria izan da eurentzat. “Atzerritar asko etorri da; Holanda, Frantzia eta Belgikakoak batez ere. Iragaitzaz etortzen dira, gau bateko egonaldia egitera eta bidea jarraitzera”. Espainiatik ere bisitari asko jaso dituzte. “3-4 gau pasa dituzte, Eibarrek duen kokapenak erakarrita. Den-denak oporretan, ez laneko kontuengatik”. Udaz gozatzeko tokia baita Eibar turistentzat.