Sagartegieta jauregia Ondarearen Zerrenda Gorrian

Sagartegieta jauregia Ondarearen Zerrenda Gorrian
2018/06/06 eta kitto!
Erortzeko egoeran eta abandonatuta dagoen Sagartegieta jauregia Ondarearen Zerrenda Gorrian sartu du ‘Hispania Nostra’ Ondare Kultural eta Naturalaren Defentsarako Erakundeak. 1655. urtean eraiki zen Maltzagan dagoen jauregia eta Sarteitta izenez ere ezaguna da. “Eraikuntza ederra eta elegantea da”, elkartearen berbetan, “nahiz eta gaur egun erortzeko egoeran egon eta bertara joateko sarbidea zaila den, pinu eta sasiek eta autopistako lanek bidea itxi dutelako”.

Sagartegieta familia lehenik eta Sustaetarrak gero bizi izan ziren jauregi honetan, eta Maltzaga ingurua kontrolatu zuten, “komunikazio-puntu garrantzitsua”. Baserri moduan eraiki zen, baina estilo barroko eta neoklasikoko jauregi bezala erreformatu zuten XVIII. mendean. XX. mendetik aurrera indarra galdu zuen eta abandonatuta geratu zen Gerra Zibilaren ostean.